Gizartea -
Alkateen tertulia
Neurri murriztaile asko 15 egunen buruan bertan behera uztea espero dute EAEko hiriburuetako alkateek
Juan Mari Aburtok, Eneko Goiak eta Gorka Urtaranek pandemiak udalen kudeaketan izandako ondorioen balantzea egin dute; istiluak ere izan dituzte aztergai, bai eta etorkizun hurbilenekoa ere.
EITB Media
Radio Euskadiko Boulevard-ek EAEko hiriburuetako alkateak bildu ditu gaur goizeko tertulian: Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Donostiako alkate Eneko Goia eta Gasteizko alkate Gorka Urtaran.
Hirurek ere, ziurtatu dutenez "ez da erraza izan" pandemia garaian espazio publikoa kudeatzea, eta azpimarratu dute udalak izan direla "Osasun Sailaren aliatu nagusiak, neurriak denbora errekorrean ezarri ahal izateko".
Juan Mari Aburtok onartu du erabakiak hartzerakoan "handia" zela ziurgabetasuna "ez genekien egiten ari ginen hori zen egokiena", eta, gaineratu du, herritarrei Udalak eskaintzen dizkien zerbitzuak moldatu eta egokitu egin behar izan dituztela hilabeteotan.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranen iritziz, gauzarik zailena izan zen lehen asteetako "kezka itzel" horri aurre egitea, ezin baitzen jakin hurrengo egunean bertan ere zer gertatuko zen; "amesgaizto bat baino gehiago" eragin izan dio gaiak.
Donostiako alkate Eneko Goiaren beldur nagusia osasun egoerak gainezka egitea zen. Gainera, pandemiaren eragin ekonomikoa nabaritzen hasi zenean ohartu zen "zeinen egoera zaurgarrian zeuden herritar asko"; horregatik, gizarte-zerbitzuen "aparteko" lana txalotu du.
Alkateek gazte eta Ertzainen arteko istiluak ere izan dituzte hizpide, bai eta etorkizun hurbilenekoa era. Etorkizun horretan, hain zuzen, espero dute "neurri murriztaileetako asko indargabe utzi ahal izatea".