Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroako gobernuak kultura eta kirol ekitaldietarako edukierak zabaldu ditu: hona hemen neurriak
Gobernuak 22/2021 Foru Araua aldatu du eta arindu egin ditu neurriak, egoera epidemiologikoa hobera doala ikusita. Kanpoaldeetan % 60koa izango da gehienezko edukiera eta % 40koa barrualdeetan kultur eta kirol ekitaldietan.
O.P. | Eitb Media
Nafarroako Gobernuak aldatu egin du covid-19ari aurrea hartzeko berariazko neurriak hartzen dituen 22/2021 Foru Araua egoera epidemiologikoaren bilakaera positiboaren ondorioz, bai eta asistentzia-presioa hobetzearen eta txertaketa-prozesuak aurrera egitearen ondorioz ere.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordeak gaur azaldu duenez, egoerak "jendaurreko ikuskizunetarako, jolas-jardueretarako edo aisialdirako neurriak malgutzea" ahalbidetzen du, ahal den neurrian, "jarduera soziala, ekonomikoa eta emozionala berreskuratzen laguntzea".
Arau berria ostegunetik (hilak 9) ostiralerako (hilak 10) gauerdian sartuko da indarrean, eta irailaren 16ra arte (egun hori barne) egongo da indarrean. Neurriak malgutzeko lehen pakete honek, kultur eta kirol jardueren edukierei eragiten die, batez ere.
Kultur jarduerei dagokionez, zinema, antzoki, auditorio, karpa-zirku eta antzekoetan, bai eta aire zabaleko esparruei eta antzeko lokalei eta jendaurreko ikuskizunetarako, jolas- edo aisia-jardueretarako establezimenduei dagokienez ere, Foru Aginduak jasotzen du esparru itxietan eta 2400 lagunetik gorako edukiera dutenetan, gehieneko edukiera ezingo dela izan % 40tik gorakoa izan eta, 5000 lagunetik gorako edukiera duten esparru irekietan, edukiera % 60koa izango da gehienez.
Oro har, ekitaldiak irauten duen bitartean ezin izango dira elikagaiak eta edariak saldu, ezta tabakoa kontsumitu ere.
2400 lagunetik beherako edukiera duten zinemek, antzokiek, auditorioek, karpa-zirkuek eta antzekoek aurrez esleitutako besaulkiekin egin ahal izango dute beren jarduera, betiere baimendutako gehieneko edukieraren % 75 gainditzen ez badute.
Gainera, 1.000 eta 2400 pertsona arteko edukiera duten esparruek erantzukizuneko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, non konpromisoa hartuko duten CO2 neurgailu bat izateko eta maskararen erabilera uneoro bermatuko dela.
Foru Agindu berriak, halaber, kirol-lehiaketak eta -ekitaldiak publikoarekin egiteko aukera ematen du, baldin eta kanpoko espazioetan baimendutako gehieneko edukieraren % 60 gainditzen ez bada eta barneko espazioetan baimendutako gehieneko edukieraren % 40 gainditzen ez bada.
Nolanahi ere, kirol-lehiaketa eta -ekitaldietan ezingo da elikagairik, edaririk, tabakorik edo produktu eratorririk kontsumitu. Gainera, ,maskara erabiltzeko araudi orokorra bete beharko da.
Maskara erabiltzea ikasleentzatHaur Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleei dagokienez, maskara nahitaez erabili beharko da ikasgeletatik kanpoko espazio komunetan, bai eta ikastetxeko sarrera-irteeretan ere. Ez da beharrezkoa izango ikasleak aire zabaleko espazioetan daudenean eta eskola-esparruaren barruko jolasaldietan.