Gizartea -
Hirigintza inklusioa
200.000 euro berdintasuna eta emakumeen segurtasuna bermatuko duen hirigintza inklusiboa bultzatzeko
Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak diru-laguntzen programa bat deitu du udalentzat, udal plangintzan eta hirigintzan genero-ikuspegia txerta dezaten.
O.P. | Eitb Media
Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur goizean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailak hirigintza inklusiborako proposatutako diru-laguntzen deialdia egiteari, Udalek genero-ikuspegia txerta dezaten udal-plangintzan eta -hirigintzan.
Bi dira helburu nagusiak: batetik, gizonek eta emakumeek baliabide eta ekipamenduetarako duten sarbidean berdintasuna bermatzea, eta, bestetik, espazio publikoetan emakumeen segurtasuna handitzea.
200.000 euro bideratuko dira Udalei zuzendutako diru-laguntza hauetarako eta udaletako hirigintza-planetan genero-ikuspegia txertatzea sustatzea dute xede, lehentasunezko lau eremutan ekintza estrategikoak garatuz: lurraldearen antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-ingurunea eta gobernantza.
"Genero-desberdintasunak daude bai ekipamenduak eta zerbitzuak erabiltzeko premiei dagokienez, bai horietarako sarbideari dagokionez. Horregatik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren iritziz, genero-ikuspegia hirien diseinuan txertatzea funtsezko tresna da gizonek eta emakumeek baliabide guztietara baldintza berberetan irismena izateko aukera bermatzeko", adierazi dute Sailetik.
Emakumeen segurtasuna
Iñaki Arriola buru duen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak nabarmendu duenez, beharrezko ikusi da neurri zehatzak hartzea, besteak beste, emakumeak espazio publikoan seguruago mugitu ahal izan daitezen, puntu beltzak ezabatuz eta eraikin eta espazio publiko diafano eta seguruak diseinatuz horretarako.
Ekintza-eremu desberdinen azterketak argitara eman dituen desberdintasunen aurrean, beharrezko jotzen da, halaber, neurri zehatzak hartzea etxeko- eta zainketa-lanak eta eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea errazteko, "zaintzaren hirigintza" sustatuz; bai eta mugikortasun-planetan gizonek eta emakumeek garraio publikoa erabiltzen dute modu desberdina jasotzeko ere.
Era berean, beharrezko jotzen da ekipamenduak etxebizitzetara hurbiltzeko aukera ematea, jarduera ekonomiko eta bizitegi-jardueretarako erabilera mistoko espazioak diseinatuz, bai eta joan-etorrien denborak laburtzea ere; era berean, lehentasunezkoa da herritarrek parte hartzeko prozesuetan eta hirigintza-plangintza horiek diseinatu eta gauzatzeko talde teknikoetan emakumeen parte-hartze handiagoa sustatzea ere.
Diru-laguntzen baldintzak
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Genero-ikuspegia aintzat hartzen duten dokumentuak egiteko behar den laguntza teknikoa kontratatzeko sortutako gastuak finantzatuko dira, gehienez 20.000 euro Udal bakoitzeko.
Halaber, ezingo dute diru-laguntza honen onuradun izan aurreko ekitaldietan xede bererako laguntzak jaso dituzten erakundeak, berariaz uko egin ezean.