Gizartea -
Napresui
Suizidioa prebenitzeko webgunea martxan jarri dute Nafarroan
2019an, 45 pertsonak egin zuten euren buruaz beste Foru Erkidegoan (34 gizonek eta 11 emakumek); 2020an, aldiz, 43 suizidio izan ziren (31 gizon eta 12 emakume).
Agentziak | EiTB Media
Jokabide suizidak artatzeko eta prebenitzeko Nafarroako Batzordeak (Napresui) webgune bat abiatu du, besteak beste, prebentzioa eta doluaren kudeaketa jorratzeko.
Gainera, suizidioa prebenitzeko nazioarteko eguna irailaren 10ean denez, 'Suizidioaren prebentzioarekin bat #Konektatuta' kanpaina hasi du Napresuik.
Webgunea martxan dago jadanik, eta baliabide eta tresna gune bezala funtzionatuko du material didaktikoa eta ikuspegi anitza eskaintzeko. Besteak beste, prebentzioa, alarma seinaleak, arrisku faktoreak eta doluaren kudeaketa landuko ditu.
Batzordeak, bestalde, polizientzako gida bat prestatu du jokabide suizidei nola aurre egin azaltzeko. Dokumentu zabala da, eta Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak garatu dute.
2019an, 45 pertsonak egin zuten euren buruaz beste Foru Erkidegoan (34 gizonek eta 11 emakumek); 2020an, aldiz, 43 suizidio izan ziren (31 gizon eta 12 emakume).
Itxialdiaren osteko hilabeteetan, 16 suizidio
Itxialdiaren osteko hilabeteak zailenak izan ziren. Horrela, ekainean eta uztailean 16 suizidio zenbatu zituzten, hilean 8. Konfinamenduan, ostera, suizidio gutxiago zenbatu zituzten (4).
Nafarroan bi adin tartetan egiten du gora suizidio tasak: 40-49 urte eta 70 urtetik gora, batez ere gizonezkoen artean. Batez besteko adina 45-55 urtekoa da, eta erdiak baino gehiago tratamendua jasotzen ari ziren buruko osasun sistema publikoan.
Pandemiak eragindako nekeak eta ziurtasunik ezak ondorio garrantzitsuak izan ditu biztanleriaren buruko osasunean, eta kolektibo zaurgarrienak bereziki ari dira egoera pairatzen.
Testuinguru honetan, sare sozialetan bi aulkiren argazki bat argitaratzeko kanpaina #hitzegitekoprest traolarekin jarri dute martxan, "suizidioaz hitz egiteko eta entzuteko borondatea" azaltzeko.
Era berean, Nafarroako Jauregia eta Iruñeko udaletxea laranjaz argiztatuko dituzte irailaren 10ean.