Gizartea -

KORONABIRUSA

Ospitaleetako presioa handia da oraindik Euskadin, nahiz eta intzidentzia metatuak beherantz jarraitzen duen

71 gaixo larri daude, eta 193, gela arruntetan. Intzidentzia-tasa metatua 251 kasuraino jaitsi da, azken orduetan 209 positibo berri atzeman ondoren.

Osasun langileak ZIUetan. Artxiboko argazkia: EFE.
Osasun langileak ZIUetan
Osasun langileak ZIUetan. Artxiboko argazkia: EFE.

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du Euskadin, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 251koa da, aurreko egunean baino zazpi puntu gutxiago.

Hala ere, ospitaleko presioa ez da arintzen. Azken orduetan, 35 pertsona ospitaleratu dituzte, 71 gaixo daude zainketa intentsiboetako unitateetan, eta 193, gela arruntetan.

Pandemiaren bilakaerari buruz astelehen honetan jakitera emandako datuen arabera, EAEn 209 positibo berri atzeman dituzte azken 24 orduetan, aurreko egunean baino 20 gutxiago eta duela bi egun baino 100 gutxiago, baina kontuan izan behar da positiboen kopuruak behera egin ohi duela asteburuetan. 32 positibo Araban detektatu dituzte, 116 Bizkaian eta 57 Gipuzkoan. Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren bi pertsonak eman dute positibo.

Atzo, 3.658 proba diagnostiko egin zituzten, aurreko egunean baino 687 gutxiago, eta positiboen tasa % 5,7koa da. Indize hori % 6,3koa zen duela astebete.

Araban, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 223 kasukoa da, 251koa da Bizkaian, eta 249koa, berriz, Gipuzkoan.

Hiriburuetako datuei dagokienez, Gasteizen 25 kasu erregistratu dituzte eta 246 puntuko intzidentzia metatua dute; Bilbon 37 kasu atzeman eta 230eko intzidentzia dute; Donostian, berriz, 16 positibo berri zenbatu dituzte eta 219 puntuko intzidentzia metatua dute.

Oinarrizko birsorkuntza tasa (kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du) ostiraleko 0,80tik 0,83ra igo da. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, R0 indizea % 0,78ra igo da Araban, % 0,88ra Bizkaian eta % 0,84ra Gipuzkoan.

Bestalde, intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) 0,74koa da.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak uste du datorren asteak eta hilabeteak "itxaropentsuak" izango direla, eta "ilusiorako" arrazoiak ikusten ditu, baina "zuhurtziari eutsiz", oraindik "birusa zirkulatzen ari delako".

Nafarroan, hirugarren egunez jarraian behera egin dute kutsatzeek, 31 positibo berri atzeman ostean. Gainera, 84 urteko emakume bat hil da Foru Erkidegoan covid-19aren ondorioz.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak