Gizartea -
KORONABIRUSA
309 kutsatze zenbatu dituzte EAEn, eta 69 gaixo larri daude ZIUetan
Positibotasun tasa 0,3 puntu jaitsi da, bezperako datuekin alderatuta. Bestela, covid-19ak jotako 31 gaixo ospitaleratu dituzte azken orduetan.
Agentziak | EITB MEDIA
Ostiralean zehar, 309 covid-19 kutsatze berri zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saiaren datuen arabera.
Orotara, 5.369 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzako langileek, bezperan baino 299 gutxiago. Egindako testetatik % 5,8 positiboak izan ziren; hala, positibotasun tasak 0,3 puntu egin du behera azken 24 orduetan.
Bizkaia da egoerarik makurrenean jarraitzen duen lurraldea; izan ere, 161 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan, bezperan baino 30 gutxiago. Gipuzkoan, ostera, 97 positibo zenbatu dituzte (bezperan baino 15 gutxiago). Araban egoerak ez du hobera egin, eta 41 gaixo berri daude, bezperan baino 4 gehiago.
Ospitaleen presioari dagokionez, 31 eri ingresatu dituzte ostiral honetan, ostegunean baino 9 gutxiago. ZIUetan ere ez da aldaketa handirik sumatu: 69 gaixo larri daude ospitaleratuta, bezperan baino bi gutxiago.
Asteburuetan, Osasun Sailak ez du pandemiaren adierazle guztiei buruzko informaziorik ematen. Hala ere, azken egunotako datuei begira, intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du uztailaren 31tik. Osteguneko txosten epidemiologikoaren datuen arabera, 286,5 kasukoa da intzidentzia.