Gizartea -
Koronabirusa
EAEko 12 urtetik gorakoen % 81ek covid-19aren kontrako txertaketa-jarraibide osoa dute dagoeneko
Azken egunotan, 12 eta 15 urte bitartekoen txertaketa nabarmen arindu da; izan ere, nerabeen % 74k lehen dosia jaso dute jada.
Agentziak| EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko 12 urtetik gorakoen % 81,3k covid-19aren kontrako txertaketa-jarraibide osoa du dagoeneko; eta, % 87,8k, berriz, lehen dosia.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren azken txostenaren arabera, puntu eta erdiko igoera egon da txertaketa-jarraibidea osatu duten herritarren portzentajean.
Azken egunotan, Azken egunotan, 12 eta 15 urte bitartekoen txertaketa nabarmen arindu da; izan ere, nerabeen % 74k lehen dosia jaso dute jada. Gainera, ikasturte berriaren atarian, haur eta nerabe horien % 26,3k bi txertoak jaso dituzte dagoeneko.
16 eta 19 urte bitartekoen artean ere igo da txertatutakoen zenbatekoa, taldearen erdia gainditzeraino (% 50,5). Horietatik % 75,5ek hartu dute lehen dosia.
Orotara, EAEn bizi diren 1.737.468 lagunek jaso dute covid-19aren kontrako txertoaren dosi bana, eta horietatik 1.609.474k txertaketa-jarraibidea osatu dute.