Gizartea -
Plentziako ez-jaiak
Kale-edana egiteko bilkura jendetsu bat desegin eta pertsona bat atxilotu dute Plentzian
Ehunka gazte bildu dira bart herriko kaleetan pandemiagatik bertan behera utzi dituzten jaiak ospatzeko. 01:00a aldera, Ertzaintzak portua eta inguruak hustu ditu.
EITB Media
Inguruko gainerako udalerrietan legez, aurten ere ez dira jaiak ospatuko Plentzian, covid-19ari aurre egiteko segurtasun arrazoiengatik. Hala ere, ehunka gazte hiribilduko portuaren inguruan elkartu dira ostegun honetan "ez-jaiak" ospatzeko asmoz. Ertzaintzak, Udaltzaingoaren laguntzarekin, kale-edana egiteko bilkura jendetsu bat desegin du bart. Poliziak ez du kargarik egin eta ez da aparteko gertakaririk izan, baina pertsona bat atxilotu dute desordena publikoak egotzita.
Atxilotua Getxoko ertzain-etxera eraman dute, epailearen aurrera eraman aurreko izapideak egitera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Astearte gauean izandako istiluak berriro ez izateko, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak hainbat kontrol egin zituzten atzo herriko sarbideetan, bai errepidean, baita geltokian ere. Hala ere, horrek ez zuen galarazi ehunka pertsona biltzea Areatzaren eta portuaren inguruetan, kalean edateko. Horren aurrean, Ertzaintzak kale-edana egiteko bilkura jendetsuok desegin ditu bart. Ez da istilu aipagarririk izan, batutako neska-mutil gehienek inguruak hustu baitituzte agenteek eskatu ondoren. Hala ere, iturrien arabera, Brigada Mugikorreko agenteek foamezko jaurtigaiak erabili dituzte, kalean jarraitzen zuten talde txikiak sakabanatzeko.
"Ez-jaiak" ekiditeko kontrolak
Plentziako Udalak jakitera eman duenez, ostegunetik larunbatera arte, sarrera mugatuko zaie herrian bizi ez diren pertsonei, jende-pilaketak saihesteko eta koronabirusaren hedapenari aurre egiteko asmoz.
Hala, udalerrira sartzeko lehen kontrolak jarri zituzten atzo arratsaldean. Zehazki, Plentziako Udaltzaingoak ausazko kontrolak jarri zituen herriko bi sarbidetan, eta Ertzaintzak geltokia zaindu zuten. Udaletxearen atzean ere Ertzaintzaren furgoneta batzuk prestatu zituzten.
Plentzian ausazko kontrolak egiten ibili ziren 17:30etik aurrera, eta bakarrik sartu ahal izan ziren herrira bertan bizi diren pertsonak daramatzaten ibilgailuak, bertara sartzeko beharra egiaztatuta, eta larrialdi, segurtasun zein udal zerbitzuetako langileak.
Horrez gain, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarrekin arituko dira egunotan metroaren geltokiaren inguruan, udalerrian sartzen diren pertsonak kontrolatzen, Plentziako Udalak udal bando batean azaldu duenez.
Neurri horiek herriko jaiak izan behar ziren egunetan ospakizun alternatiboak ez ospatzeko hartu dira, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitira aurtengo festak.
Elixabete Uribarri Plentziako alkateak azaldu duenez, neurri horiek uda osoan ikusi diren "istilu tamalgarrien ondorioz" hartu dituzte. Gertakari horien artean, ondorengoak nabarmendu ditu: kale-edanak, hiri-altzarietan eragindako kalteak, erasoak, garbiketa-zerbitzuetako langileekin eta ertzainekin zein udaltzainekin izandako liskarrak, eta adin txikiko batek jasandako sexu-erasoa.