Gizartea -
Koronabirusa
Plentzian bizi ez diren pertsonei sarbidea mugatuko zaie larunbatera arte
Elixabete Uribarri Plentziako alkateak azaldu duenez, neurri horiek uda osoan zehar izan diren "istilu tamalgarrien ondorioz" hartu dituzte. Agenteak ausazko kontrolak egiten ari dira, 17:30etik.
Agentziak | EITB Media
Plentziako Udalak jakitera eman duenez, ostegun honetatik larunbatera arte, sarrera mugatuko zaie herrian bizi ez diren pertsonei, jende-pilaketak saihesteko eta koronabirusaren hedapenari aurre egiteko asmoz.
Hala, udalerrira sartzeko lehen kontrolak jarri dituzte gaur arratsaldean. Zehazki, Plentziako Udaltzaingoak ausazko kontrolak jarri ditu herriko bi sarbidetan, eta ertzainak metroaren geltokian izan dira. Udaletxearen atzean ere Ertzaintzaren furgoneta batzuk aparkatu dituzte.
Izan ere, ausazko kontrolak egiten ari dira 17:30etik aurrera. Hain zuzen ere, bakarrik sartu ahal dira Plentzian bizi diren pertsonak daramatzaten ibilgailuak, herrira sartzeko beharra egiaztatzen duten pertsonak, eta larrialdi, segurtasun zein udal zerbitzuetako langileak.
Horrez gain, Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarrekin arituko dira metroaren geltokiaren inguruan, udalerrian sartzen diren pertsonak kontrolatzeko, Plentziako Udalak udal bando batean azaldu duenez.
Neurri horiek, herriko jaiak izan behar ziren egun hauetan ospakizun alternatiboak ez ospatzeko hartu dira, pandemiaren ondorioz bertan behera geratu baitira aurtengo festak.
Elixabete Uribarri Plentziako alkateak azaldu duenez, neurri horiek uda osoan ikusi diren "istilu tamalgarrien ondorioz" hartu dituzte.
Gertakari horien artean, Plentziako alkateak ondorengoak nabarmendu ditu: kale-edanak, hiri-altzarietan eragindako kalteak, erasoak, garbiketa-zerbitzuetako langileekin eta ertzainekin zein udaltzainekin izandako liskarrak, eta adin txikiko batek jasandako sexu-erasoa.