Gizartea -
Eguraldia
Euskal Herria abisu horian dago eurite eta ekaitzengatik
Ezegonkortasun handia eta zaparrada trumoitsuak espero dira Euskal Herri osoan datozen orduotan.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Euriteengatik eta ekaitzengatik abisu horia ezarri dute gaur Euskal Herri osoan, 24:00ak arte.
Euskalmeten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan ezegonkortasun handia izango da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu nonahi eta noiznahi.
Litekeena da ekaitzak iristearekin batera txingorra ere botatzea, eta baliteke tarteka gogor egitea. Haizea aldakor ibiliko da; goizean hego-ekialdea nagusituko da eta arratsaldean ipar-ekialdea. Tenperaturan ia ez da aldaketarik espero.
Nafarroan, ekaitz eta zaparrada bortitzak eta iraunkorrak iragarri dituzte, eta txingorra tarteka, baina euriteek hainbat gorabehera eragin dituzte jada, batez ere Foru Erkidegoko erdialdean eta hegoaldean.
Zerua oso hodeitsu edo hodeitsu egongo da goizean, hodei edo bero-hodeiekin estalita, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera; izan ere, haize ahul aldakorra ibiliko da goizean, hego-ekialdekoa gehienbat, eta bolada oso gogorrak espero dira ekaitz guneetan.
Tenperatura minimoek gora egingo dute eta maximoek behera hegoaldean eta ekialdean. Termometroak 18 eta 24 gradu artean izango dira Lizarran, 17 eta 23 artean Iruñean, 13 eta 23 artean Erronkarin eta 18 eta 23 artean Tuteran.
Ipar Euskal Herrian ere, euria eta ekaitzak espero dira, Meteofranceren webgunearen arabera.