Gizartea -

San Antolin jaiak

Istiluak izan dira bart Plentzian, eta hiru pertsona atxilotu dituzte

Hiru lagun atxilotu dituzte Ertzaintzaren eta gazte taldeen arteko istiluetan, segurtasun arrazoiengatik bertan behera utzi dituzten jaiak ospatzen ari zirela.

Zikinkeriaz beteta esnatu da gaur Plentziako hondartza ingurua.
Zikinkeriaz beteta esnatu da gaur Plentziako hondartza ingurua.
Hiru pertsona atxilotu dituzte bart Plentzian izandako istiluetan

1:27

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak hiru gazte atxilotu ditu bart Plentzian (Bizkaia), hiribilduko alde zaharrean izandako istiluetan, desordena publikoak eragitea eta agintaritza-agenteei aurre egitea egotzita.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza bertaratu zen kalean edaten ari ziren ehunka pertsonak bide publikoa inbaditu zutelako eta ez zirelako covid-19ari aurre egiteko ezarritako osasun-neurriak errespetatzen ari. Ingurua husten ari zirenean, talde batek aulkiak, botilak eta beste objektu batzuk jaurti zituzten agenteen aurka.

Gertakariak atzo, asteartean, izan ziren, 22:30 aldera, alde zaharrean eta plazan. Aurretik, ehunka pertsona pilatu ziren inguru horretan, ostalaritza establezimenduetako terrazetan, baina baita bide publikoa inbadituz ere. Horietako asko lokalen kanpoaldean ari ziren edaten, zutik, osasun-neurriak bete gabe.

Ertzaintzaren Brigada Mugikorreko agenteek megafoniaz jakinarazi zieten inguruan bildutakoei bertatik alde egin behar zutela. Horietako askok alde egin zuten, baina beste hainbatek ez zien jaramonik egin agenteen aginduei, eta aulkiak, botilak eta beste objektu batzuk botatzen hasi ziren polizien aurka.

Sare sozialetan polizia-jarduketaren hainbat bideo argitaratu dira, eta horietako batzuetan ikusten da agenteak eskopetak erabili dituztela gazteen aurka foam pilotak jaurtitzeko.

Istiluetan, hiru gizon atxilotu zituzten, desordena publikoak eta agintaritza-agenteei aurre egitea egotzita. Atxilotuak, 21 eta 25 urteko bi heldu eta adingabe bat, ertzain-etxera eraman zituzten beharrezko izapideak egitera.

Adin nagusikoak epailearen esku utziko dituzte datozen orduetan, eta adingabea, berriz, aske utzi dute legezko tutoreen esku, Adingabeen Fiskaltzari ohartarazpena egin ostean.

Plentziako Udalak irmoki gaitzetsi ditu istiluak

Elixabete Uribarri Plentziako alkateak adierazi du hiribilduko herritarrak "nazkatuta" daudela "gizalegearen aurkako jokabide" horiekin, "gizarte osoari kalte egiten diotelako". Horrez gainera, irmoki gaitzetsi ditu istiluak, eta deitoratu du istiluak protagonizatu dituzten "pertsona intolerante" horiek "bizikidetza mespretxatzen" dutela.

Horrez gainera, udal-agintariak eskerrak eman dizkie Ertzaintzari eta Udaltzaingoari, "ordena publikoa berrezartzeko egiten ari diren lan guztiagatik". Bestalde, jakinarazi du, udalerriko jaiak ospatu behar ziren egunotarako, "herritarren segurtasuna bermatzeko" dispositibo berezi bat martxan jartzeko azken lerroak adosten ari direla, eta gogorarazi du festak bertan behera geratu direla Plentzian: "Ez dago inolako jairik".

Jaurlaritzaren gaitzespena

Bingen Zupiriak Jaurlaritzaren "salaketarik gogorrena" berretsi du, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udalerritan gertatu diren istiluen aurrean, "komunitatearen aurkako jokabideak" direlako.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du uda, oro har, lasaia izan dela Euskadin, baina, "lasaitasun horretan, agian istiluek garrantzi handiagoa hartu dute". Zupiriaren esanetan, istilu horiek "arauekiko eta bizitza komunitarioarekiko errespetu falta dira eta kezka sortzen dute".

Bestalde, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n azaldu du, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eneko Goia Donostiako alkateak "gezurra esateaz aparte, irakurketa miserablea" egin dutela bere hitzen inguruan. EH Bilduk istiluak ez dituela babesten argitu du, are gehiago, salatu egin dituela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Plentzia Albisteak Koronabirusa Gazteak albisteak