Gizartea -

ERREPIDEAK

Euskal Herritik Kataluniara autoz joatea merkeagoa izango da irailaren 1etik aurrera

AP-2 eta AP-7, Euskal Herria eta Mediterraneoa lotzen dituzten errepide nagusiak, doakoak izango dira.

Kataluniako ordainsari bat. Irudia: EFE
Kataluniako ordainsari bat
Kataluniako ordainsari bat. Irudia: EFE

A. S. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Cambrils, Lloret de Mar edo Bartzelona udako oporleku dira euskal herritar askorentzat eta bertara joaten direnek AP-2 eta AP-7 autobideak erabiltzen dituzte, behin Zaragozara iristsita. Hala ere, joan-etorri horiek garestiak izaten dira.

Irailaren 1etik aurrera, AP-2 autobidea (215 kilometro) doakoa izango da Zaragoza eta Vendrell artean (Katalunia), baita Mediterraneo itsasoaren parean Katalunia iparraldetik hegoaldera doan AP-7 autobideko zati bat ere, Papiol eta Jonquera artekoa (262 kilometro).

Espainiako Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak erabaki hori hartu du; izan ere, autobide horien kontzesioak iraungi egin dira eta administrazioek horiek ez berritzea erabaki dute.

Bidesari horiek gabe, Euskal Herritik Kataluniara autoz joaten diren herritarrek dirua aurreztuko dute. Donostiatik Cambrilsera bidaia, adibidez, 41,90 euro kostatzen baditu, bihartik aurrera 21,25 euro ordaindu beharko dira. Edo Bilbotik Saloura joateko orain arte 53,75 euro ordaintzen baziren, aurrerantzean 20,65 euro gutxiago ordaindu beharko dira, hau da, Zaragozara arteko 33,10 euroak soilik.

Dena dela, Nafarroan A-21 errepidea eraiki zenetik, euskaldun asko Kataluniara Jakatik (Huesca) joatea erabaki dute, ondoren E-7 eta A-22 autobideak erabiliz. Errepide horietatik ez da ordainsaririk ordaindu behar, adibidez, Iruñea eta Lleida arteko bidean, baina denbora gehixeago behar da.

Joan den ostiralean, Ministerioak iragarri zuen AP-2 eta AP-7 errepideak doako bihurtuta 515 milioi euro aurreztuko direla, egungo 13 milioi bidaiak kontuan hartuz gero.

Azken urteetan, autobide zati batzuetan ordainsariak kendu dituzte Estatuko sare publikoan sartzeko: AP-1 autobidean, Burgos eta Armiñon artean; AP-7 autobidean, Alacant eta Tarragona artean, eta AP-4 autobidean, Sevilla eta Cadiz artean. Neurri horiek guztiek herritarren gastuak arintzea dute helburu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Espainia argazkiak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak