Gizartea -
Koronabirusa
Transplante bat egin dieten edo minbizia duten pazienteei hirugarren dosia emango dietela iragarri du Dariasek
Hala ere, ministroak zehaztu du behin betiko erabakia Lurraldearteko Osasun Batzordean hartuko dutela, proba zientifikoetan oinarrituta. Sendagaien Europako Agentziak ez du hirugarren dosia baimendu, oraingoz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak iragarri duenez, transplante bat egin dieten edo minbizia duten pazienteei covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia emango diete.
Txertoen batzordea asteazken honetan bilduko da berriro, hirugarren dosia zein kolektibotan eman beharko litzatekeen zehazteko, baina, Dariasek azaldu duenez, dokumentua oso aurreratuta dute.
"Adituak bat datoz transplante solido bat izan dutenei edo tratamendu onkologikoa hartzen ari diren pazienteei, adibidez, hirugarren dosia emateko", adierazi du Onda Cero irratian egin dioten elkarrizketan.
Edonola ere, azken erabakia Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek hartuko dutela azpimarratu du, zientzialarien txostena kontuan izanda.
Sendagaien Europako Agentziak oraingoz ez du hirugarren dosiari buruzko iritzirik eman.