Gizartea -
Koronabirusa
Bi hildako eta 113 positibo berri zenbatu dituzte Nafarroan azken orduetan
Bezperan baino 26 kutsatze gehiago izan dira. Iruñeko Errotxapea auzoan eta Tuterako Mendebaldean atzeman dituzte kasu gehien.
Agentziak | EITB Media
Foru Erkidegoan 113 covid-19 positibo berri erregistratu dituzte ostiral honetan, bezperan baino 26 gehiago, Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Institutuaren behin behineko datuen arabera. Gainera, bi pertsona hil dira covid-19ak jota azken 24 orduetan. Zifra honek azken hiru egunetako beheranzko joera apurtu du; izan ere, 100 kasutik behera zenbatu zituzten Nafarroan asteartetik ostegunera.
Azken orduetan kutsatutako pertsonen zifrak gora egin duen arren, duela astebete baino 42 kasu gutxiago eta duela bi aste baino 100 gaixo berri gutxiago daude gaur Foru Erkidegoan. Hortaz, intzidentziari dagokionez bederen, kutsatzeen erritmoa moteltzen ari da.
Ostiralean zehar, 1.285 diagnostiko proba egin ziren, eta horietako % 8,8 positiboak izan ziren. Gainera, 5.572 txerto jarri zituzten osasun langileek. Orotara, 462.686 nafarrek osatu dute txertoaren pauta osoa.
Erietxeetan, koronabirusa zuten 9 pertsona ingresatu zituzten atzo, horietako bi ZIUn. Azken orduetan, beraz, igoera izan da ospitaleratuen kopuruan, 7 gaixo ingresatu baitzituzten atzo (bat ere ez ZIUn).
Guneka, Iruñeko Errotxapea auzoa eta Tuterako Mendebaldea izan dira kasu gehien zenbatu dituztenak: 9 bakoitzak. Sanduzelain 7 atzeman dituzte, eta 4 Murchanten eta Iruñeko II Zabalgunean.