Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Amurrio, Derio eta Pasaia eremu gorritik atera dira
Elgoibarren soilik egin dute okerrera datuek eta horitik laranjara pasa da.
O.P | EITB Media
Covid-19aren intzidentzia hobera doa pixkanaka EAEn. Azken orduetan hiru udalerrik lortu dute eremu gorritik ateratzea: Amurriok, Deriok eta Pasaiak, hain zuzen, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Erandio eta Portugalete laranjatik irten eta horiz ageri dira gaur. Elgoibarren soilik egin dute okerrera datuek eta horitik laranjara pasa da.
Euskadik laranjan jarraitzen du. Azken datuen arabera, EAEn metatutako intzidentzia 377 kasukoa da 100.000 biztanleko. Gaixo kritikoen kopurua ere murriztu egin da, 72 pazienteraino.
Arabak (409 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak ere.
Amurriok, aldiz eremu latzenetik irten du gaur eta Araban laranjaz ageri den udalerri bakarra da. Agurain eta Laudio, berriz, horiak dira, eta ez dago udalerririk ez eremu berdean.
Bizkaian (381 kasu 100.000 biztanleko) Derio eremu gorritik irten da, baita Bilbo ere, eta 12 dira eremu honetan jarraitzen duten udalerriak: Berango, Bermeo, Getxo, Gernika-Lumo, Gorliz, Güeñes, Leioa, Lekeitio, Ondarroa, Santurtzi, Sestao eta Sopela.
Eremu laranjan, berriz, Abanto, Arrigorriaga, Barakaldo, Bilbo, Erandio, Galdakao, Mungia, Muskiz, Portugalete eta Zornotza daude.
Horian, bestalde, Abadiño, Balmaseda, Basauri, Durango, Elorrio, Ermua, Etxebarri, Markina-Xemein, Ortuella eta Trapagaran daude; gaurtik baita Erandio eta Portugalete ere.
Ez dago herri bakar bat ere berdean.
Gipuzkoan (327 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorritik kanpo dago, baita Donostia hiriburua ere. Pasaia eremu gorritik atera denez, zazpi dira eremu horretan dauden udalerriak: Deba, Irun, Lazkao, Mutriku, Oiartzun, eta Usurbil.
Laranjaz margotuta ageri dira Andoain, Azpeitia, Donostia, Eibar, Hernani, Hondarribia, Lasarte-Oria, Legazpi, Lezo, Ordizia, Urnieta, Villabona, Zarautz eta Zumaia. Gaurtik baita Elgoibar ere, egoera okertu eta horitik laranjara pasa baita.
Arrasate, Astigarraga, Azkoitia, Beasain, Bergara, Errenteria, Hernani, Oñati, Orio, Tolosa, Urretxu eta Zumarraga horian jarraitzen dute.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.