Gizartea -
Istiluak
11 atxilotu eta 8 agente zauritu, goizaldean Iruñean izandako istiluetan
Alde Zaharrean jazo dira gertakariak, Polizia jende pilaketak desegitera joan denean. Agenteetako batek harrikada bat jaso du, Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Agentziak | EITB Media
11 pertsona atxilotu dituzte, hainbat delitu egotzita, eta 8 udaltzain zauritu dira ostiral goizaldean Iruñeko Alde Zaharrean izandako istiluetan. Udaltzainetako batek harrikada bat jaso du, Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Agenteek Alde Zaharreko hainbat gune hustu behar izan dituzte, jende pilaketengatik. Udaltzaingoaren arabera, osasun neurriak urratzeaz gain, bertan zeuden hainbat pertsonek objektuak jaurti dizkiete agenteei.
Zehazki, San Gregorio kalea bi aldiz hustu dute goizaldean zehar. Poliziak jakitera eman duenez, kalea jendez lepo zegoen eta hainbat lagun bertako etxebizitzetako balkoietara igotzen saiatu dira.
Lehen hustea arazorik gabe egin duten arren, bigarrenean istiluak izan dira. Poliziak azaldu duenez, bertan zeuden pertsonek botilak eta beste hainbat objektu jaurti dizkiete agenteei. Bertan, bi pertsona atxilotu dituzte, horietako bat adin txikikoa.
3:00ak aldera, Polizia Udal Artxibo ingurura gerturatu da, 500 pertsona inguruko jende pilaketa baitzegoen. Agenteek azaldu dutenaren arabera, bertan zeuden pertsonek musika altua zuten jarrita eta zalaparta eragiten ari ziren.
Udaltzainak autoetatik jaitsi direnean, botilak eta harriak bota dizkiete, aipatutako iturrien arabera. Taldea desegiteko hainbat saiakera egin dituzten arren, bertan zegoen jendearen jarrera "bortitza" izan da.
Lau atxilotu Bilbon
Ertzaintzak 23 eta 29 urte bitarteko lau pertsona atxilotu ditu goizaldean Bilbon, covid-19ari aurre egiteko asmoz indarrean dauden osasun-arauak "behin eta berriz urratzeagatik" identifikatzera hurbildu zaizkien ertzainei eraso egitea lepoatuta.
Zehazki, istiluak 03:30 aldera jazo dira, Bilbo Zaharra kalean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez. Ordu horretan, Ertzaintzaren patruila bat gazte-talde bat identifikatzera hurbildu da. Identifikatzera joan direnean, haietako batzuk oldartu egin dira eta ertzainei eraso egin diete. Hori dela eta, beharrezkoa izan da polizia-baliabide gehiagoren laguntza; izan ere, taldeko beste kide batzuk agenteak iraintzen eta inguratzen hasi dira.