Gizartea -
Istiluak
Lau pertsona atxilotu dituzte Bilbon, identifikatzera hurbildu zaizkien ertzainei eraso egitea leporatuta
Hain zuzen ere, 23 eta 29 urte bitarteko lau gazte atxilotu dituzte, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu bat egotzita. Gainera, horietako bati desobedientzia-delitu larri bat egotzi diote.
EITB Media
Ertzaintzak 23 eta 29 urte bitarteko lau pertsona atxilotu ditu goizaldean Bilbon, covid-19ari aurre egiteko asmoz indarrean dauden osasun-arauak "behin eta berriz urratzeagatik" identifikatzera hurbildu zaizkien ertzainei eraso egitea lepoatuta.
Zehazki, istiluak 03:30 aldera jazo dira, Bilbo Zaharra kalean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Ordu horretan, Ertzaintzaren patruila bat gazte-talde bat identifikatzera hurbildu da, Bilbo Zaharra kalearen inguruan. Antza denez, gauean elkarrekin ikusi dituzte inguruko hainbat tokitan, eta behin baino gehiagotan sakabanatzeko eskatu diete, ez baitzeuden errespetatzen koronabirusari aurre egiteko indarrean dauden neurriak.
Alabaina, pertsona horiek ez diete jaramonik egin ertzainen eskaerei, eta beste toki batzuetan elkartu dira berriro.
Identifikatzera joan direnean, haietako batzuk oldartu egin dira eta ertzainei eraso egin diete. Hori dela eta, beharrezkoa izan da polizia-baliabide gehiagoren laguntza; izan ere, taldeko beste kide batzuk agenteak iraintzen eta inguratzen hasi dira.
Azkenik, lau gazte atxilotu dituzte, agintaritzaren agenteen aurkako atentatu-delitu bat egotzita. Gainera, horietako bati desobedientzia-delitu larri bat egotzi diote. Horiek guztiak Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku utziko dituzte datozen orduetan, Segurtasun Sailak azaldu duenez.
11 atxilotu eta 8 agente zauritu, Iruñean
Bestalde, 11 pertsona atxilotu dituzte goizaldean Iruñean, eta 8 udaltzain zauritu dira Iruñeko Alde Zaharrean izandako istiluetan. Udaltzainetako batek harrikada bat jaso du, Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Agenteek Alde Zaharreko hainbat gune hustu behar izan dituzte, jende pilaketengatik. Udaltzaingoaren arabera, osasun neurriak urratzeaz gain, bertan zeuden hainbat pertsonek objektuak jaurti dizkiete agenteei.