Gizartea -
KORONABIRUSA
Ospitaleetako presioa arindu egin da Euskadin, bosgarren egunez jarraian
Guztira, 5.927 proba diagnostiko egin zituzten ostegun honetan, eta horietatik 515 positiboak izan dira. Horrela, positibotasun tasa % 8,7ra jaitsi da.
EITB MEDIA
Bosgarren egunez jarraian, ospitale-presioa arindu egin da Euskadin; 72 gaixo kritiko daude zainketa intentsiboetako unitateetan, bezperan baino lau gutxiago, eta bi gutxiago ospitaleratuta ohe arruntetan. Guztira, 5.927 proba diagnostiko egin zituzten ostegun honetan, eta horietatik 515 positiboak izan dira. Horrela, positibotasun-tasa % 8,7ra jaitsi da.
Pandemiaren eragina murrizten ari da EAEn, eta, pixkanaka, balio guztietan nabaritzen hasi da. Ospitaleetako egoerak hobera egiteaz gain, azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 17 puntu jaitsi da, 100.000 biztanleko 377 kasu utziz.
Lurraldeka aztertuta, Arabak jarraitzen du gehien kaltetutakoa izaten, 409 kasuko intzidentzia-tasa metatuarekin; 66 positibo berri erregistratu dira lurralde horretan. Bizkaiak asteazkenean utzi zuen gune gorria, eta 381 kasuko intzidentzia-tasan kokatu da azken orduetan, baina EAE osoko kasu positibo gehien hauteman dituzte bertan, 266 positibo berrirekin. Gipuzkoak, berriz, 174 kasu berri jakinarazi ditu, eta 327 kutsatuko intzidentzia-tasa erregistratu du.
Ugalketa-indizea, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duena, 0,88koa da (+0,01), eta intzidentzia-tasen arrazoia, 14 egunean intzidentzia-tasa metatua duela astebetekoarekin alderatzen duena, 0,80koa da (-0,01).
Araban izandako 66 kutsatzeak aurreko egunean baino zazpi gutxiago dira; kasu gehienak Gasteizen hauteman dira, 59 positibo. Bizkaiak, 266 positiborekin, 23 kasu gutxiago erregistratu ditu; kasu gehien dituzten udalerriak Bilbo (74), Getxo (18), Barakaldo (16) eta Galdakao (15) dira.
Gipuzkoan, 174 kasu berrirekin, Donostiak 37 kutsatze izan ditu; Irunek, 22; eta Errenteriak, 11.
Kontuak horrela, 5.000 biztanletik gorako 20 udalerrik 100.000 biztanleko 400 kasutik gorako intzidentzia-tasa metatua dute.
Adin-taldeen arabera, kutsatze berri gehienak 20 eta 29 urte eta 10 eta 19 urte bitarteko adin-tarteetan hauteman dira, kasu bakoitzean 91 positiborekin. Kolektibo horietan, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 903,11 eta 735,55 da, hurrenez hurren.