Gizartea -

HONDARTZAK

Hondarribiko hondartzan bainatzea debekatu dute, ura kutsatuta dagoelako

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Uraren Euskal Agentziak debekatu egin dute Hondarribiko hondartzan bainua hartzea, uraren kalitatearen irizpideak betetzen ez direlako. Egunero aztertuko dute ura, bainurako irizpideak betetzen dituela egiaztatu arte.

Hondarribiako hondartza. Argazkia: EiTB Media
Hondarribiako hondartza.
Hondarribiako hondartza. Argazkia: EiTB Media

O.P. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritzak eta Uraren Euskal Agentziak debekatu egin dute Hondarribiko hondartzan bainatzea, uren kalitatearen ohiko analisiei esker hauteman baitute Hondarribiako hondartzan araudian ezarritako kalitateko irizpide mikrobiologikoak ez direla betetzen une honetan. Ondorioz, "prebentzioz eta aldi baterako", hondartza horretan bainua debekatuta dagoela adierazten du Osasun Sailak. Jarduketa-protokoloa aktibatu dute Osasun Sailak eta Uraren Euskal Agentziak (URA). 

Kutsaduraren jarraipena egiteko protokoloa abiarazi dute eta gertakariaren berri eman zaie, halaber, gai horretan eskumena duten gainerako erakundeei: Uraren Euskal Agentzia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Txingudiko zerbitzuak eta Hondarribiako Udala, dagozkien prozedurak has ditzaten. SOS Deiak Zerbitzua ere jakinaren gainean jarri dute.

Uraren Euskal Agentziak ikerketa-prozedurari ekin dio kutsaduraren jatorria detektatzeko eta, behar izanez gero, neurri egokiak zehazteko. Osasun Sailak, bere aldetik, egunero jarraituko du hondartzako uraren kalitatea aztertzen, harik eta gertakaria amaitu arte, eta emaitzen berri emango du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa Hondartzak Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ura Uda Euskadiko kutsadura gaur