Gizartea -
Afganistan
Nilofar Bayat saskibaloi jokalari afganiarra Bilbon da jada
Bidaideak BSR saskibaloi taldeak gutun ireki bat zabaldu du sare sozialetan, eta, bertan, ongietorria eman die Bayati eta horren bikotekideari. Halaber, Bizkaiko hiriburua euren bizi-proiektuei berriz ekiteko lekua izatea opa die.
Agentziak | EITB Media
Nilofar Bayat, Afganistango gurpil-aulkiko saskibaloi-selekzioko kapitaina, Bilbon da jada, bikotekidearekin batera. Bidaideak BSR taldeak ohar batean jakinarazi duenez, atzo iritsi ziren biak. Izan ere, talibanek Kabul hiriburuaren eta herrialdearen kontrola hartu ondoren, afganiar jokalariak Afganistandik irteteko laguntza eskatu zuen, eta Bilboko saskibaloi taldea Bayat fitxatzeko prest agertu zen.
Horrela, erregularizazio-prozesua Bizkaiko hiriburuan egingo dute, eta bizilekua hirian bertan finkatuko dute, behin-behinean bada ere, saskibaloi taldeak sare sozialetan zabaldutako oharrean azaldutakoaren arabera.
Halaber, biei ongietorria emateko gutun ireki bat zabaldu du Bidaideak taldeak. Duela astebete, Afganistandik irteteko laguntza eskatu zutenean, bietako bat bera ere ezagutzen ez zuela onartu du idatzi horretan, eta Bilbora iritsi aurretik bizi izandako "izugarrikeria laster atzean uztea" opa die, iraganeko pasadizo gisa gogoratzeko.
"Bagenekien Espainiako Gobernuak esku hartu zuela, eta aireporturaino egin zenuten bidaia ezintasunak sortzen duen estutasunarekin bizi izan genuen... Pazientzia galtzear egon ginen albisteen faltagatik, eta emozioz beteta amaitu genuen azkenean jakinarazi zenigutenean aireontzi batean zeundetela, Madrilerako bidean... Dagoeneko gurekin zaudete".
Orain, biak Bilbon geratzea nahi du taldeak, euren bizi-proiektuei berriz heltzeko eta "munduari Afganistango errealitateari buruz ohartarazteko". "Giza eskubideak aldarrikatzen jarraitu ahal izateko espazioa izatea nahi dugu, eta, nahi baduzue, baita zuen gustuko kirola praktikatzeko tokia ere", gaineratu du saskibaloi taldeak.
Bidaideak BSR klubaren hitzetan, taldearekin bat egiteko erabakia hartzea "ez da garrantzitsuena" une honetan, baina etorkizunean Bilboko taldearen elastikoarekin lehiatzen badira "inor ez da aurkaria izango, zuen 'saskiratzeak' beste batzuk baitira orain: duintasunaren zein emakumeen eta desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen aldeko borrokaren ahotsak izatea".
Nilofar Bayaten lehen adierazpenak
Testuinguru horretan, Kabul hiriburuaren aireportuan "une zailak" igaro zituztela adierazi du Afganistango saskibaloi jokalariak, Bilbora iritsi ondoren.
Ez zuen bere burua Afganistandik kanpo ikusten, baina egunotako gertakarien ostean ez du zalantzarik izan, talibanak zein arriskutsuak diren ikusi baitu.
Bayat Afganistango saskibaloi taldeko kapitaina izan da, abokatua da, eta Gurutze Gorriko nazioarteko batzordean egin du lan.
Orain, etxetik urrun, "hasieratik berriro hastea" ez dela erraza izango onartu du, baina "ilusioz beteta" etorri dira biak. Gainera, eskertuta agertu dira emandako aukeragatik.