Gizartea -

Afganistan

Euskal Elkartasun Feministak Afganistango emakumeen eskubideak errespetatzea galdegin du

Donostian, Iruñean eta Bilbon elkarretaratzeak izan dira, ostiral arratsaldean; ehunka herritarrek eskatu diete talibanei afganiar emakumeen eskubideak errespeta ditzatela.

Donostiako elkarretaratzearen irudi bat. EITBren bideo batetik hartutako argazkia.
Donostiako elkarretaratzearen irudi bat
Elkarretaratzea Bilbon, Afganistango emakume eta neskatoen alde

2:56

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Elkartasun Feministak deituta, ehunka herritarrek, Donostian, Iruñean eta Bilbon, galdegin dute emakumeen eskubideak Afganistanen errespeta ditzatela, talibanek Kabul hiriburua igandean hartuta eta agintea hala berreskuratuta.

Elkarretaratzeak "Afganistango emakumeen giza eskubideak denon ardura dira" goiburupean egin dituzte. Bilbokoan Izaskun Landaida Emakundeko zuzendari nagusia, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun zuzendaria, eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendaria izan dira.

Besteak beste, afganiar gazte batzuek hartu dute parte elkarretaratzean, Afganistango bi bandera konstituzional zituztela. Parte-hartzaileek hainbat protesta-oihu egin dituzte: "Feminismoa nazioartekoa da", "Afganistango emakumeak gure ahizpak dira", eta "bat jotzekotan, guztiok jotzen gaituzte", adibidez.

Antolatzaileek, protestaren amaieran irakurritako ohar baten bidez, azaldu dute elkarretaratzeen arrazoia izan dela talibanek agintea berreskuratzeak, afganiar herritarrentzat, "bereziki neskatoentzat eta emakumeentzat, atzerapena ekarri duela giza eskubideetan".

Elkarte feministak eskatu du talibanengandik ihesean dabiltzanei asiloa eta babesa ematea, eta afganiar familiak premiaz berriz elkartzea, baita emakumeentzako eta neskatoentzako pasabide ziurrak ere. Ildo horretan, agintariei galdegin die presioa egiteko, nazioarteko erkidegoaren aurrean, erreakzioa izan dadin, talibanen jazarpenaren aurka.

Azkenik, Euskal Elkartasun Feministak salatu du Europar Batasunak, oraingoz, ez duela neurri aktiborik hartu "erlijio-muturrekoen jazarpena geldiarazi eta herrialdearen kontrola afganiar herritarrei berriro emate aldera".

Iruñean, elkarretaratzea Udaletxe Plazan egin dute, giro aldarrikatzailean. Afganistango emakumeekiko elkartasuneko oihuak entzun ahal izan dira, baita talibanen erregimenaren aurkakoak ere.

Une hunkigarria izan da arabiar jatorria zuen emakume bat ekitaldiaren buruan kokatzeko gonbidatu dutenean; txalo beroa jaso du, bai eta antolatzaileen besarkadak ere.

Deitzaileek ohartarazi dute Europako Gobernuek "ahalik eta lasterren" esku hartzeko; emakumeen eta neskatoen bizitza, adierazi dute, arriskuan dago: "Talibanen aurkako erreakzioa atzeratzen bada, emakume eta neskato gehiago hil egin, bortxatu eta esklabo bihurtuko dituzte Afganistanen. Neurriak hartu behar ditugu, ezin dugu onartu pasibotasun hau, kontuan izanik sarraskia dagoela eta giza eskubideak urratzen ari direla".

Elkarretaratzea Donostian, Afganistango emakumeei babesa emateko
Elkarretaratzea Donostian, Afganistango emakumeei babesa emateko
Elkarretaratzea Donostian, Afganistango emakumeei babesa emateko

1:30

Afganistango emakumeen eskubideen urraketaren aurkako elkarretaratzea, Iruñean
Afganistango emakumeen eskubideen urraketaren aurkako elkarretaratzea, Iruñean
Afganistango emakumeen eskubideen urraketaren aurkako elkarretaratzea, Iruñean

2:28
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Donostia Iruñeko bideoak Zer gertatu da Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa EAE albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Feminismoa gaur Errefuxiatuak Giza eskubideak albisteak Afganistango albisteak gaur