Gizartea -
Koronabirusa
Euskadiko 12 urtetik gorako herritarren % 75ek txertaketa pauta osoa jaso dute jada
Halaber, 1.650.105 pertsonari koronabirusaren aurkako txertoaren dosi bat jarri zaie dagoeneko. Hain zuzen ere, 12 urte edo gehiagoko biztanleen % 83,4 dira horiek.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bizi diren 1.489.468 pertsonari covid-19aren aurkako txertaketa pauta osoa jarri diete jada, hau da, 12 urtetik gorako xede-populazioaren % 75,3ri, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Gaur goizean zabaldu dute txertaketaren inguruko datuak jasotzen duen txostena, eta, horren arabera, 1.650.105 pertsonari koronabirusaren aurkako txertoaren dosi bat jarri zaie dagoeneko. Hain zuzen ere, 12 urte edo gehiagoko biztanleen % 83,4 dira horiek.
Asteazkenean, % 73,9koa zen txertaketa pauta osoa zuten herritarren ehunekoa, eta % 82,4koa dosi bat jaso zuten biztanleena. Horrek esan nahi du azken bi egunotan 26.364 pertsona gehiagok jaso dutela pauta osoa eta 19.311k lehen ziztada.
Gainera, koronabirusaren aurkako txertoaren hiru milioi dosi jartzeko gertu dago Euskadi. Gaur ezagututako datuen arabera, covid-19aren aurkako txertaketa-kanpaina hasi zenetik, 2.960.874 txerto jarri dituzte EAEn.
Adin-tarteei dagokienez, nabarmentzekoa da 16-19 urteko gazteen ia % 60k (% 59,7) jaso duela txertoaren dosi bat gutxienez, duela bi egun baino ia lau puntu gehiago. Txertaketa pauta bete dutenak, aldiz, % 14,5etik % 20,3ra igo dira, ia sei puntu gehiago.
Horrez gain, 20 eta 29 urte bitartekoen artean, % 60k dosi bat hartu du (% 61,8), aurreko asteazkenean datu hori % 59koa zen, eta % 32,8 dira dagoeneko bi ziztadak jaso dituztenak (aurreko txostenean % 27,6 ziren).
Halaber, 12 eta 15 urte bitarteko gazteen txertaketa-datuek goranzko joerari eusten diote. Hala, % 38,8k dosi bat dute jada (6,4 puntu gehiago) eta % 6,6k biak (% 3,9 ziren asteazkenean).
30 urtetik gorako herritarren kasuan, ehunekoak handiagoak dira. Ildo horretatik, 30 eta 39 urte bitartekoen artean, % 75,7k txertoa jaso dute, eta % 65,1ek pauta osoa dute. Halaber, 40 eta 49 urte arteko euskal herritarren % 86,3k bi dosi horiek dituzte, eta 50 urtetik gorakoen artean, berriz, % 90etik gora daude txertaketa pauta beteta.