Gizartea -

KORONABIRUSA

Hiru lagun hil dira covid-19a zutela Hego Euskal Herriko egoitzetan, eta 17 positiboko agerraldia atzeman dute

Azken orduetan, pertsona bat hil da koronabirusaren ondorioz Bizkaiko egoitzetan, beste bat Gipuzkoakoetan, eta beste bat Nafarroakoetan. Agerraldia Bizkaian detektatu dute, Loiu Gurena egoitzan.

Emakume bat adineko batekin paseoan Donostiako erresidentzia baten inguruan. Argazkia: EFE
Emakume bat adineko batekin paseoan Donostiako erresidentzia baten inguruan. Argazkia: EFE
Emakume bat adineko batekin paseoan Donostiako erresidentzia baten inguruan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK| EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru lagun hil dira covid-19a zutela Hego Euskal Herriko egoitzetan, azken orduetan: bat Gipuzkoan, beste bat Nafarroan, eta hirugarrena Bizkaian. Azken lurralde horretan, halaber, 17 positiboko agerraldia atzeman dute; hain zuzen ere, Loiu Gurena egoitzan detektatu dute agerraldi hori.

Hala, pertsona bat hil da azken orduetan Bizkaiko egoitzetan, eta beste agerraldi bat atzeman dute Loiu Gurena egoitzan, 17 erabiltzaile kutsatuta.

Foru Aldundiak ostiral honetan jakitera eman duenez, hildakoak txertoa jarrita zuen eta aurretik patologia larriak zituen.

Heriotza hori ere kontuan hartuta, lau adineko hil dira abuztuan koronabirusaren ondorioz Bizkaiko egoitzetan.

Loiu Gurena egoitzan atzemandako agerraldian kutsatutako pertsona guztiek txertoa jarrita zuten, sintomarik gabe daude, horietako hiru izan ezik, eta solairu berean bizi dira denak.

Zentro horretan profesional bat ere kutsatu da, eta horrek ere jarrita zuen txertoa.

Atzo, 41 erabiltzaile zeuden kutsatuta, eta horietako hiru ospitaleratuta. 36 langilek positibo eman dute, eta beste 34 isolamenduan daude.

Gaur egun, zazpi zentro daude kaltetuta: Loiuko Gurena (17 egoiliar kutsatuta), Bilboko Erruki-etxea (13), Mundakako Gure Etxea (2), Barakaldoko Miranda Fundazioa (2), Santurtziko Atsoa (2), Dimako Piedadeondo (1) eta Amorebieta-Etxanoko Orue (1).

Hildako bat eta beste hiru positibo, Gipuzkoan

Gipuzkoan, Foru Aldundiak eta DYAk adineko egoitzetan egiten dituzten PCR probek hiru positibo berri atzeman dituzte; beraz, 48 kasu aktibo daude jada. Gainera, erabiltzaile bat zendu da, gaixotasuna zuela.

Aldundiak jakitera eman duenez, egoitzetako hiru erabiltzailek gainditu egin dute covid-19a, eta 22 ospitaleratuta daude, Eibarko eta Ordiziako erreferentzia-zentroetan.

Guztira, une honetan, 48 kasu aktibo daude Gipuzkoako adinekoen egoitzetan: 2020ko abuztutik, 731 erabiltzailek gainditu dute gaixotasuna, eta 162, aldiz, koronabirusa zutela hil dira.

Nafarroan, beste hildako bat

Nafarroan, covid-19aren bosgarren olatua egonkortu egin da adinekoen egoitzetan. Ostiral honetan, 72 kasu positibo daude horietan, asteartean baino bi gutxiago, Eskubide Sozialetako Departamentuaren arabera; Departamentuak, halaber, zehaztu du hildako bat izan dela azken orduetan, eta, beraz, bosgarren olatu honetan zazpi pertsona hil direla dagoeneko egoitzetan.

Aktibo dauden 72 positiboei erreparatuta, 49 erreferentzia-zentroan daude (42k sintomaren bat dute, eta zazpi adintomatiko daude); bederatzi daude ospitale-gainbegiradapean (bost ospitalean, eta lau egoitzan bertan); 13 erdiko baliabide batera eraman dute; eta, azkenik, pertsona bat etxean dago.

Departamentuak azpimarratu du positibo-kopurua egonkortu egin dela, eta agerraldi berririk ez dela izan. Kasu aktiboak zazpi zentrotan daude; hirutan, baina, ez dago erabiltzaile gaixorik, ospitaleratu dituztelako edo erdiko baliabideetara eraman dituztelako.

Desgaitasunen bat duten pertsonentzako egoitzetan, bi kasu aktibo daude; bideratutako kanpo-baliabideetan daude.

Arabako Foru Aldundiak ez du eman, ostiral honetan, pandemiaren gaineko eguneratutako daturik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Adinekoak gaur Bizkaiko Foru Aldundia albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia