Gizartea -
Indarkeria matxista
Indarkeria matxistaren biktimak artatzeko telefonoak 838 dei jaso ditu azken hiru hilabeteetan
Etxeko indarkeriaren edo sexu erasoen biktima izan diren emakumeentzako informazio- eta arreta-zerbitzuaren (SATEVI) azken txostenaren arabera, zerbitzuaz baliatu diren emakumeen % 80,14k euskal herritarrak dira. Gehienak 41-50 urteko ezkongabeak dira.
Berezi Fernandez | EITB Media
2021eko bigarren hiruhilekoan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeen 838 dei jaso ditu Eusko Jaurlaritzaren SATEVI zerbitzuak. Horren arduradunek kaleratu duten azken txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 623 erabiltzailek deitu dute 900 840 111 zenbakira. Aurreko bi urteetako datuekin alderatuta, Jaurlaritzaren zerbitzuaren datuek gora egin dute azken boladan: 2020ko hiruhileko berean 68 dei gutxiago jaso zituzten; eta 2019an, 127 gutxiago.
Urteko lehen sei hilabeteetan, urtarriletik (114 dei) uztailera (221) bitartean, laguntza eskaerak bikoiztu egin dira. Martxoan nabarmen ugaritu ziren, 238 jaso baitzituzten, otsailean 170 izan ostean, eta hurrengo hiru hilabeteetan ez da aldaketa handirik izan.
Telefonoaren beste aldean dauden profesionalek Telecincoren Rocio, contar la verdad para seguir viva dokumentalaren emisioarekin lotzen dute deien kopurua handitzea. Bada, aipatutako iturrien hitzetan, Rocio Carrascori egindako elkarrizketa sorta prime time ordutegian eskaintzeak eragin "eztabaidaezina" izan zuen "gizartea indarkeria matxistaren inguruan sentsibilizatzeko".
Hizkuntza, naziotasuna eta adina
SATEVIren datuen arabera, biktimen gehiengo zabalak gaztelania erabili izan du, baita euskara ere. Gainera, arabieraz, portugesez eta txineraz —lehen aldiz— aritu izan dira emakumeak.
Kasuen % 72,63n, biktimak eta erasotzaileak euskal herritarrak dra; % 10,49n, biak ziren atzerritarrak; eta % 9,46n, espainiar naziotasuneko gizon batek atzerriko emakume bati eraso dio.
41 eta 50 urte bitarteko emakumeak izan dira gehien deitu dutenak (% 31,30), 31-40 urtekoen aurretik (% 20,49). Atzetik, 52 eta 60 urte bitartekoak (% 16,62). 60 urtetik gorakoen kasuan, baina, igoera izan da aurreko urteko datuekin alderatuta (% 4,91). Azkenik, deien % 1,06 adin txikikoek egin dituzte.
Egoera zibila, enplegua eta seme-alabak
Jaurlaritzak emandako datuen arabera, SATEVIren zerbitzua erabili duten emakumeen % 36,06 ezkongabeak dira, eta % 26,85, ezkonduak. Dibortziatutakoak, berriz, % 15,35 dira, eta banatzeko bidean daudenak, % 8,44.
Biktima gehienak ezkongabeak edo banatuak izan arren —dagoeneko ez dute erasotzailearekin harreman afektiborik—, bikotekide ohien indarkeria jasaten jarraitzen dute, baita biolentziaren ondorioak ere.
Enpleguari dagokionez, biktimen gehiengoak (% 56,76) lan kontratu bat du. Laguntza eskatu duten emakumeen % 12, 94k, aldiz, ez dute etxetik kanpo lanik egiten, ezta dirulaguntzarik jasotzen ere. % 8,82 dirulaguntzaren bat jasotzen duten emakume langabeak dira, eta % 12,35, erretirodunak edo pentsiodunak. Deitu duten emakumeen % 3, 82 ikasleak dira, eta % 1,18, ezkutuko ekonomiako langileak.
Artatutako erabiltzaileen erdiek baino gehiagok (% 57, 92) adin txikikoak dituzte, eta gainerako % 42,08ek ez dute adin txikikorik zaintzen edota seme-alaba helduak dituzte.
Indarkeria
SATEVIren laguntza jaso duten emakumeen % 32,80k 10 urtetik gora daramatzate indarkeria matxista sufritzen. % 35,95ek, aldiz, urtebete eta lau urte bitartean pairatu dituzte erasoak.
Biktima gehienek senarraren, bikotekidearen (gizona) edota bikotekide ohiaren erasoak salatu dituzte. Zehazki, % 34,76k bikotekide ohiaren tratu txarrak pairatu dituzte, eta % 22,50ek, senarrarenak.
Kasuen jarraipena
Aipatutako txostenean irakur daitekeenez, 2021eko bigarren hiruhilekoko biktimen salaketa telefoniko gehienek ez dute ibilbide juridikorik izan.
Zerbitzuko profesionalek argitzera eman dutenez, "emakumeek beren segurtasuna mehatxatuta ikusiz gero, konfiantza gal dezakete". Hala, SATEVIko langileek telefono bidezko kontaktuari eusteko hautua egin dute, harremana guztiz galtzea baino nahiago baitute "kontaktuarekin jarraitu eta biktimen bidelagunak" izan.
Hala ere, erregistratutako kasuen % 45,82 zerbitzu juridikoen esku utzi dituzte, Biktimen Arreta Zerbitzuen menpe, hain zuzen ere; salaketen % 16,01 Gizarte Zerbitzuen esku utzi dituzte, eta % 5,65, Poliziaren ardurapean.