Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Balmaseda, Barakaldo, Galdakao, Ortuella, Hondarribia eta Lasarte-Oria eremu gorritik irten dira
Errenteriak eta Trapagaranek ere hobera egin dute, eta eremu horian sartu dira; Oñati eta Usurbil, berriz, eremu laranjara igo dira.
I. R. | EITB Media
Egoera hobetzen ari da EAEko ia herri guztietan. Horrela, Balmaseda, Barakaldo, Galdakao, Ortuella, Hondarribia eta Lasarte-Oria eremu gorritik irten dira, eta Errenteria eta Trapagaran horian sartu dira, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzeko Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabiltzen duen semaforoaren arabera. Hala ere, Oñati eta Usurbil udalerriek okerrera egin dute, eta eremu laranjan daude berriro.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 500 kasutik behera jarraitzen du EAEn, 469koa baita, bezperan baino 19 txikiagoa.
Arabak (517 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta Amurriok ere.
Agurainek laranjan jarraitzen du, eta Laudio, berriz, horian. Araban ez dago herririk eremu berdean.
Bizkaia ere (490 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, Bilbo eta beste 21 herrirekin batera: Abanto, Arrigorriaga, Basauri, Berango, Bermeo, Derio, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Lekeitio, Markiña-Xemein, Mungia, Muskiz, Ondarroa, Portugalete, Santurtzi, Sestao eta Sopela.
Durangok, Etxebarrik eta Zornotzak laranjari eutsi diote, eta Balmaseda, Barakaldo, Galdakao eta Ortuella gehitu zaie azken orduetan.
Horian, bestalde, Abadiñok, Elorriok, Ermuak eta Zallak jarraitzen dute, Trapagaranekin batera, zerrenda horretara salto egin baitu.
Ez dago herri bakar bat ere berdean.
Gipuzkoa (377 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorritik kanpo dago, baita Donostia hiriburua ere. Dena dela, oraindik 12 udalerrik jarraitzen dute zerrenda gorrian. Honako hauek dira: Azpeitia, Deba, Eibar, Irun, Lazkao, Mutriku, Oiartzun, Ordizia, Pasaia, Urnieta, Villabona eta Zumaia.
Laranjaz margotuta ageri dira Andoain, Aretxabaleta, Donostia, Elgoibar, Legazpi, Tolosa eta Zarautz, baita Hondarribia, Lasarte-Oria, Oñati eta Ursubil ere.
Arrasatek, Astigarragak, Azkoitiak, Beasainek, Bergarak, Hernanik, Lezok, Oriok, Urretxuk eta Zumarragak horiari eutsi diote, eta Errenteria batu zaie.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.