Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berrien kopurua 619ra jaitsi da Euskadin, eta intzidentzia metatua 469ra
R0 indizeak ere hobera egin du (0,86), eta paziente kritikoen eta gela arruntetako gaixoen kopuruak ere behera egin du.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Covid-19an positibo eman duten 619 kasu berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko egunean baino 83 gutxiago, eta duela bi aste baino 429 gutxiago, orduan mila kasu baino gehiago erregistratu baitziren.
20 egunez behera egin ondoren, Euskadin intzidentzia-tasa metatuak behera egiten jarraitzen du, eta 100.000 biztanleko 469 kasu izan dira 14 egunean. Duela bi aste 752 zenbatu zituzten, hau da, ostegun honetan baino 283 gehiago.
Atzo 5.551 test diagnostiko egin zituzten, eta positiboen tasa % 11,2koa da, asteazkenean baino handiagoa (% 9,7).
Gipuzkoan, bezperan baino positibo gehiago atzeman dituzte, 153tik 171ra igaro baitira; Bizkaian, 325 positibo berri zenbatu dituzte (89 kasu gutxiago); eta Araban, berriz, 110 (9 gutxiago). Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren 13 pertsona kutsatu dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako azken buletinaren arabera.
Ospitaleetan pertsona gehiago ospitaleratu dituzte, 46 azken orduetan, baina 241etik 237ra jaitsi da ospitaleratutako pertsonen kopurua gela arruntetan. Gainera, zainketa intentsiboetako unitateetan jarraitzen duten 77 pertsona daude, egun bat lehenago baino bat gutxiago.
Intzidentzia-tasa metatua batez ere Bizkaian (490) jaitsi da, 500 kasuren muga atzean utzita, eta ia berdin mantendu da Araban (516tik 517ra). Indizeak behera egiten jarraitzen du Gipuzkoan, eta 377an dago jada.
Birusaren birsorkuntza-tasa hiru ehunen jaitsi da EAEn, 0,86ra arte. Hiru lurraldeen R0a aurreko egunekoa baino txikiagoa da: Araba 0,87an dago, Gipuzkoa 0,86an eta Bizkaia 0,85ean.