Gizartea -

Larrialdi klimatikoa

Munduko haurren ia erdia "arrisku handiko" eremuetan bizi da, klima-aldaketaren ondorioengatik

Unicefen arabera, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko neurririk hartu ezean, adingabeek beste inork baino gehiago sufritzen jarraituko dute.

Munduko adingabeen ia erdiek jasaten dituzte klima-aldaketaren ondorioak. Argazkia: Unicef
Munduko adingabeen ia erdiek jasaten dituzte klima-aldaketaren ondorioak. Argazkia: Unicef
Munduko adingabeen ia erdiek jasaten dituzte klima-aldaketaren ondorioak. Argazkia: Unicef

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak txosten bat aurkeztu du gaur eta, horren arabera, 1.000 milioi haur inguru —munduan dauden 2.200 milioi umeen ia erdia—, "arrisku handiko" 33 herrialdeetako batean bizi dira, klima-aldaketak haien bizitzetan dituen ondorioengatik. Herrialde zaurgarrienak dira: Afrika Erdiko Errepublika, Txad, Nigeria, Ginea eta Ginea Bissau.

Dokumentu horren izenburua da Klima-krisia haurren eskubideen krisia da: haurren klima-arriskuaren indizearen sarrera, eta herrialdeak sailkatzen ditu adingabeak muturreko klima-egoerekiko esposizioan (zikloiak, uholdeak, atmosferaren kutsadura edo bero-boladak) eta fenomeno horiekiko kalteberatasunean oinarrituta, betiere funtsezko zerbitzuak eskuratzeko duten aukeren arabera.

"Fenomeno klimatiko eta ingurumenarekiko esposizioaren konbinazio hilgarri bati aurre egin behar izaten diote haur hauek, zaurgarritasun handiarekin, oinarrizko zerbitzu desegokien ondorioz, hala nola ura, saneamendua, arreta medikoa eta hezkuntza", adierazi du erakundeak ohar batean.

Horrela, Unicefek adierazi du ia adingabe guztiek muturreko fenomeno horietako bat edo beste pairatzen dutela, eta 850 milioi inguru —guztien heren bat— jazoera horietako lau aldi berean gertatzen diren eremuan bizi direla.

"Lehen aldiz, aldaketa klimatikoak haurrei non eta nola eragiten dien ikus dezakegu, eta emaitza beldurgarria da, imajinaezina. Klimaren eta ingurumenaren krisiak ahultzen dute haurren eskubideen espektro osoa, aire garbia, elikagaiak eta edateko ura eskuratzetik, hezkuntza, etxebizitza, esplotazioaren kontrako babesa eta bizirik irauteko eskubideetara", deitoratu du Henrietta Fore Unicefeko zuzendari exekutiboak.

Bestalde, txostenak azpimarratzen du negutegi-gas gutxien isurtzen duten herrialdeak direla klima-aldaketaren ondorioak gehien pairatzen dituztenak. Izan ere, adingabeentzat arrisku handiena duten 33 herrialdeek munduko CO2 isurketen % 9 baino ez dute ekoizten.

"Aldaketa klimatikoa oso desorekatua da. Nahiz eta haur bakar bat ere ez izan tenperatura globalen igoeraren erantzulea, kosturik handienak ordainduko dituzte. Ardura gutxien duten herrialdeetako haurrek sufrituko dute gehien ", esan du Forek.

Aldaketa posible da

Foreren arabera, oraindik denbora dago "haurrek oinarrizko zerbitzuetara sarbidea hobetzeko, eta, ondorioz, arrisku klimatiko horiei aurre egiteko gaitasuna nabarmen handitzeko".

"Unicefek gobernuei eta enpresei eskatzen die haurrei entzuteko eta inpaktuetatik babesteko ekintzei lehentasuna emateko, berotegi efektuko gasen emisioak nabarmen murrizteko lana bizkortzen duten bitartean", gaineratu du.

Ildo horretan, haurrentzat funtsezkoak diren zerbitzuetan klimara eta erresilientziara egokitzeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta adin txikikoei klima-hezkuntza eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko "trebetasun berdeak" eskaintzeko inbertsioak areagotzeko deia egin du: "Haurrek funtsezko zerbitzuak (ura, saneamendua, osasuna edo hezkuntza) eskuratzeko aukera hobetzean, nabarmen areagotu dezakegu klima-aldaketari aurre egiteko duten gaitasuna, baina klima-aldaketei aurre egiteko alderdi guztiak kontuan hartu behar dira".

Ekintzaile gazteak, eztabaidaren parte

Gainera, txostenaren arabera, gazteak klimari buruzko tokiko, estatuko eta nazioarteko negoziazioetan sartu behar dira, eta bermatu behar da covid-19aren krisiaren susperraldia berdea, CO2 emisio gutxikoa eta inklusiboa izango dela.

Fridays for Future (Etorkizunerako Ostirala) mugimenduaren jaiotzaren hirugarren urteurrenean argitaratu dute txostena, 2018ko abuztuaren 20an, Greta Thunberg aktibista suediarrak  klima aldaketa geldiarazteko premiazko ekintzak eskatzeko protesta egin zuenean Suediako Parlamentuan.

Espainiako Estatua, arrisku ertain-baxuan

Unicefek kaleratutako indizeak 163 herrialde aztertu ditu, eta Espainiako Estatua 117. postuan dago. "Ekintza presazkoa da eta oso zehatza da. Berotegi-efektua sortzen duten emisioak murriztu behar dira, haurrei eragiten ari den klima-krisiaren eragina murrizten lagunduko dieten sistemak arintzeko eta sortzeko lan egin behar da, eta oso kontuan hartu eta sustatu behar da haurren eta gazteen parte-hartzea klima-krisiarekin zerikusia duten erabaki guztietan. Eurak dira, azkar jokatzen ez badugu, bizitzeko leku arriskutsuagoa izango den planeta batean biziko direnak ", ohartarazi du Blanca Carazo Unicefen Espainiako Programen arduradunak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa Munduko albiste garrantzitsuak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak Larrialdi klimatikoa