Gizartea -
KORONABIRUSA
Udako geldialdiak zapuztu du 100 egunetan herritarren % 70 txertatuta izateko Sanchezen plana
Talde-immunizazioaren lasterketan lehen munduko herrialderik azkarrenetakoa izan zen uztailean Espainiako Estatua. Abiadura hori, ordea, moteldu egin da abuztuan.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Maiatzaren 10ean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak esan zuen 100 egun barru (abuztuaren 18rako) 33 milioi pertsonak, hau da, herritarren % 70ek txertaketaren pauta osoa jasota izango zutela. Egun hori, baina, heldu da, eta Espainia kopuru horretara heltzeko 7 puntura dago oraindik.
Talde-immunizazioaren lasterketan lehen munduko herrialderik azkarrenetakoa izan zen uztailean Espainiako Estatua. Abiadura hori, ordea, moteldu egin da abuztuan, eta, beraz, udako oporrek zaildu egin dute aste honetan herritarren % 70ek pauta osoa izateko helburua.
Espainiako Osasun Ministerioak jakinarazitako azken datuen arabera, 29,7 milioi lagunek, hau da, Espainiako herritarren % 63,2k, txertaketaren pauta osoa dute. Helmuga, beraz, gertu dago, baina ez da iragarritako kopurura iritsi.
Bestalde, herritarren % 73,5ek dosi bat dute gutxienez; kopuru hori areagotu egin da azken asteetan, 12 urtetik gorako nerabeak txertatuta. Gazteenen artean, % 45,9k ziztada bat du Espainiako Estatuan, eta % 8,2k, berriz, pauta osoa.
Euskal Autonomia Erkidegoan, zehazki, 16-19 urtekoen erdiak baino gehiagok (% 51,3) eta 12-15 urtekoen lautik batek (% 26,21) dosi bat jarri dute gutxienez. Gainera, 20 eta 29 urte bitartekoen artean, % 42,5ek gutxienez txerto bat jarrita dute, eta % 19k, pauta osoa.
Nafarroako datuei dagokienez, 12-19 urteko biztanleen % 16,7k dosi bat dute, eta % 3,9k osatu dute pauta osoa. 20-29 urteko gazteen artean, berriz, % 62,3k ziztada bat dute gutxienez, eta % 27,8k, pauta osoa.
Dirudienez, % 70ek ez du bermatzen talde-immunitatea
Hala ere, gero eta aditu gehiagok uste dute herritarren % 70 txertatuta izatea ez dela nahikoa izango talde-immunitatea lortzeko. Covid-19aren Jarraipen Zientifikorako Diziplina Anitzeko Lankidetza Taldearen (GCMSC) ustez, talde-immunitatea biztanleen % 85 txertatuta lortuko da.
Hainbat aldagairen agerraldiek, delta aldaerarenak bereziki, talde-immunitatea lortzeko hasiera batean ezarritako zifra gorantz berraztertzea eragin dute, eta, aditu askoren ustez, % 85etik gertuago dago orain txertatuta izan beharreko herritarren kopurua.
Hori dela eta, eta udako geldialdia bizkortzeko asmoz, erkidegoek herritarrak txertatzeko estrategia berriak abiatu dituzte, hitzordurik izan gabe txertatzeko aukera eskaintzea edota lehen deialdira joan ez zirenei berriro deitzea, besteak beste.
Erkidego batzuetan (EAEn, eaterako), gaixotasuna pasatu dutenen ziztada aurreratzea erabaki dute, eta 12 eta 16 urte bitarteko nerabeak txertatzeko prozesua bizkortu egin da.