Gizartea -

AURKIKUNTZA ARKEOLOGIKOAK

Duela 2.000 urtekoak izan daitezkeen aztarna arkeologikoak topatu dituzte Tafallan, AHTaren lanetan

Bigarren Burdin Arokoak (K.a. 400-200 Nafarroan) izan daitekeen esparrua topatu duten tokian hainbat lan egingo ditu Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak.

Tafallan topatutako aztarnak. Nafarroako Kultura Sailak utzitako irudia.
Tafallan topatutako aztarnak. Nafarroako Kultura Sailak utzitako irudia.
Tafallan topatutako aztarnak. Nafarroako Kultura Sailak utzitako irudia.

o.p. | eitb eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ADIF, Abiadura Handiko Nafarroako Korridorearen lanen esparruan, Tafallako Gariposa inguruan egiten ari den lan arkeologikoek Bigarren Burdin Arokoak izan daitezkeen aztarna arkeologikoak utzi dituzte agerian. Hala jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, eta azaldu du Kulturako Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundeak eremu horretan lan batzuk egiteko asmoa agertu duela, aurkikuntzen berri izan ostean.

Barruti bat osatuko lukeen egitura baten arrastoak direla uste dute, eta ez da baztertzen Corral de Gariposa inguruetan bigarren esparru bat edo egitura arkeologiko gehiago egotea.

Izan ere, aurkitutako elementuak Nafarroako Inbentario Arkeologikoan mugatutako eremu batean daude, eta inbentario horrek erromatar hiribildu baten presentziari buruzko informazioa biltzen du. Une honetan dute informazioaren arabera, kronologikoki Bigarren Burdin Arokoak lirateke arrastoak, Nafarroan K.a. 400-200 urteen artean gertatu zena.

Hala ere, ohartarazi dute informazioa osatzeko dagoela, ez baita esparru horren azalera osoa baieztatu, ez egituren tamaina ezta kronologia ere; orain arteko azterketa gainazalaren azpiko geruzan topatutakoan oinarritzen da, baina ez da estratigrafia-egiaztapenik egin oraindik.

Azterketa arkeologikoak

Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 5.000 metro karratu inguruko eremua hesituko dute laster, eta ondo ikusteko moduan seinaleztatuko dute pasatzea debekatuta dagoela eta aztarna arkeologikoak daudela, espoliazioa edo edozein motatako kontrolik gabeko kalteak saihesteko.

Azterketa arkeologikoak egingo diren eremua Nafarroako Abiadura Handiko Korridorearen Tafalla Hegoaldea-Tafalla zatiaren ibilbidean dago, eta haren plataforma-lanak martxan daude gaur egun.

Une honetan drainatze-lanak eta arkeologia-prospekzioak egiten ari dira, eta horiei esker egin da aurkikuntza.

Ezarritako plangintzaren arabera, ez da aurreikusten arkeologia-azterlanen xede izango den eremuan eraikuntza lanak epe laburrean egitea; beraz, egungo informazioarekin, programatutako epeak ez dira nabarmen aldatuko.

ADIFek Foru Gobernuari jakinarazi dionez, horrelako aurkikuntzak ohikoak dira tren-azpiegituren lanetan, eta berezko protokolo zorrotz baten arabera jarduten da, edozein aztarna arkeologiko babeste aldera, ondarearen arloan eskumena duten erakundeen jarraibideen arabera lan eginez beti.

Era berean, adierazi du ez duela eraginik izango aurreikusitako trazaduran, ez eta Foru Komunitatera AHTaren iritsieran ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Albisteak Nafarroako Gobernua Abiadura Handiko Trena Historia