Gizartea -
Espainia-Maroko
Ceutako epaitegi batek 72 orduz gelditu ditu adingabeen aberriratzeak
Epe horretan, prozeduraren gaineko informazioa eskatuko die Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari eta Espainiako Gobernuak Hiri Autonomoan duen Ordezkaritzari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Ceutako epaitegi batek, kautelazko neurri gisa, 72 orduz gelditu ditu bidaiderik gabeko atzerriko adingabeen aberriratzeak; bitartean, prozeduraren gaineko informazioa eskatuko die Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari eta Espainiako Gobernuak Ceutako Hiri Autonomoan duen Ordezkaritzari.
Maria Isabel Deu del Olmo Ceutako Gobernuko lehen presidenteordeak eman ditu azalpen horiek, epaitegiaren atarian. Bertan izan da astelehen goizean 'habeas corpus'a eskatu duten bost adingabeekin; eskaera horrekin Marokora itzultzea saihestu nahi zuten, eta oraingoz ez dituzte aberriratuko, prozesua gelditu egin baitute.
Nolanahi ere, epaileak 'habeas corpus' hori arbuiatu du; izan ere, horren iritziz, Espainiako Konstituzioak 6/1984 Lege Organikoaren 17.4 artikuluan ezarritakoa ez da betetzen, "herritar baten legez kanpoko atxiloketa ahalik eta lasterren zuzentzea" baita figura juridiko horren asmoa.
Iturri judizialek onartu dutenez, aberriratze-prozesuan zeuden gazteak ez zeuden atxilotuta; beraz, 'habeas corpus' hori, kasu honetan, ez dago argudiatuta.
Bost adingabeak Santa Ameliako kiroldegira bueltatu dira, baina Tarajaleko mugara eraman dituzte, Marokora itzultzeko.
Astelehen honetan bertan, beste auto baten bidez, beste bederatzi adingaberen aberriratzea utzi dute bertan behera; epailearen iritziz ez baitira bete nazioarteko zuzenbidearen arauak eta printzipioak, ezta Haurraren Eskubideen Hitzarmenak ezarritakoa ere.
Epaitegiaren erantzun hori kontuan izanik, Adingabeen eta Gazteen Jarraipenerako Auzoen Elkarte Koordinatzaileak eta Raices Fundazioak eskabidea egin diote Espainiako Gobernuari ostiralean hasitako aberriratze guztiak bertan behera uzteko. Aberriratzeek maiatzeko migrazio-krisian Hiri Autonomoan sartutako ehunka adingaberi eragin diete.
Elkarteek nabarmendu dute abuztuaren 13tik egindako aberriratzeak (45-60 adingabe itzuli dituzte Marokora) "legez kanpokoak" direla, eta salatu dute jarduera horiek "sistematikoki" urratzen dituztela zaurgarritasun egoera handienean dauden haurren eskubideak.
Unidas Podemoseko Ione Belarrak zuzendutako Gizarte Eskubideetarako Ministerioak beste gutun bat helarazi dio, astelehen honetan, Barne Ministerioari, prozesu hau gaitzesten duela berresteko eta beste protokolo bat eskatzeko; hain zuzen ere, protokolo horrek ezarri beharko luke adingabeek, nahi izanez gero, ziurtasun-baldintzetan bueltatzeko aukera izatea, eta Espainian geratu beharrekoek, aldiz, harrera-baldintza duinak izatea.
Goizean, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari desadostasun horien gainean galdetu diote. "Gobernu osoa elkarlanean dabil" buelta legezkoa izan dadin eta itzulera horrek adingabearen interes nagusien hastapena bete dezan, erantzun dienez.
NBEk eskatu du adingabeetako hamarren aberriratzeak bertan behar uztea
Bitartean, adingabeetako hamar aberriratzeko prozesua bertan behar uzteko eskatu dio NBEk Espainiako Gobernuari astelehen honetan bertan, horien auzia Haurren Eskubideen Batzordearen aurrean ebatzi gabe baitago.
Save the Children, Andalucia Acoge eta Gentium erakundeek egin zuten eskaera hori; ostiralean hasitako aberriratze prozesuak bertan behera uztea galdegin zuten, eta Espainiara maiatzeko krisian iritsitako hamar adingaberen kasua baliatu zuten horretarako.
Save the Childrenek legez kanpokotzat jo du adingabe migratzaileen edozein aberriratze kolektibo
Gainera, Save the Childrenek legez kanpokotzat jo du adingabe migratzaileen edozein aberriratze kolektibo: "Funtsezkoa da, behin lurraldera iritsita, agintariek adingabe bakoitzaren egoera zorrotz aztertzea, horien beharrei eta ongizateari ahalik eta ondoen erantzungo dion irtenbide iraunkorra zein den zehazteko", azaldu du Catalina Perazzo Save the Childreneko kideak.
Mundu osoan haurren eskubideak defendatzen dituen erakundearen ustez, hiru dira adingabeari planteatu beharreko konponbide iraunkorrak: harrera-herrialdean gizarteratzea, hirugarren herrialde batean birkokatzea edo jatorrizko herrialdera itzultzea.