Gizartea -
ESPAINIA-MAROKO
Save the Childrenek legez kanpokotzat jo du adingabe migratzaileen edozein aberriratze kolektibo
Hala ere, Ceutako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. Epaitegiak atzera bota du itzulketak bertan behera uztea.
AGENTZIAK | ETB MEDIA
Ostiralaz geroztik ari dira joan den maiatzean Ceutan sartu ziren adingabeak Marokora kanporatzen, eta gobernuz kanpoko hainbat erakunde eta talde politiko aberriratze horien aurka agertu dira, tartean, Save the Children. Gobernuz kanpoko erakundeak uste du legez kanpokoak direla aberriratze kolektiboak, adingabe bakoitzaren egoera kasuz kasu aztertu behar baita.
"Funtsezkoa da, behin lurraldera iritsita, agintariek adingabe bakoitzaren egoera zorrotz aztertzea, beren beharrei eta ongizateari ahalik eta ondoen erantzungo dion irtenbide iraunkorra zein den zehazteko", azaldu du Catalina Perazzo Save the Childreneko kideak.
Mundu osoan haurren eskubideak defendatzen dituen erakundearen ustez, hiru dira adingabeari planteatu beharreko konponbide iraunkorrak: harrera-herrialdean gizarteratzea, hirugarren herrialde batean birkokatzea edo jatorrizko herrialdera itzultzea.
Itzulera adingabearen eskubideak hobekien bermatzen dituen irtenbidetzat hartu ahal izateko, adingabearen interes zehatz eta indibidualizatua ebaluatu ondoren gauzatu behar da, eta ezinbestekoa da itzultzeak adingabearen osotasun fisiko edo moralerako arriskurik ez ekartzea, Perazzok azaldu duenez.
Erakundeak ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran bildutako datuen arabera, Ceutan elkarrizketatu zituzten haur migratzaileen laurdenek, gutxi gorabehera, indarkeria fisikoa, abusuak edo tratu txarrak jasan zituzten jatorrizko herrialdean. Era berean, seitik batek adierazi zuen tortura edo tratu iraingarria pairatu zuela Espainiara iritsi aurretik.
Ceutako epaitegi batek baztertu egin du adingabeak aberriratzeari uztea
Espainiaren eta Marokoren arteko akordioan oinarritutako aberriratzeak salatu dituzte gobernuz kanpoko erakundeek, eta adingabeak kanporatzeari uzteko eta azken kanporaketak ikertzeko eskatu dute Fiskaltzak eta Adin Txikikoen eta Gazteen Jarraipena egiteko Auzoen Elkarte Koordinatzaileak.
Astelehen honetan, baina, Ceutako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 2. Epaitegiak baztertu egin du maiatzean Ceutan sartu eta bertan jarraitzen zuten adingabeen aberriratzeak bertan behera uzteko eskaria. Autoaren arabera, adingabeak, Ceutako Hiri Autonomoaren babespean, "Fiskaltzari jakinarazitako epean aberriratu dira, bai gaur egin direnetan, baita aurreko egunetan egindakoetan ere".
Aberriratzea, ustez, Espainiak eta Marokok 2007an sinatutako akordioaren babesean gauzatzen ari da; hitzarmen horrek "bakarrik dauden adingabeen legez kanpoko emigrazioaren prebentzioaren, babesaren eta itzulera itunduaren arloko lankidetza" babesten du.
Podemosek migrazio-lege berri bat eskatu du
Lilith Verstrynge Podemoseko Antolakuntza idazkariaren arabera, Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomiako ministro eta bigarren presidenteordeak bere alderdiak gai honen inguruan zuen nahigabea helarazi zion Sanchezi.
Hala, Ceutako eta Kanarietako egoera humanitarioak "kezka" sortzen diela esan du, eta migratzeko "bide legalak eta seguruak" ezartzeko, harrera humanitarioa "baldintza onetan" egiteko eta giza eskubideak errespetatzen dituen migrazio-lege berri bat sortzeko eskatu du.
Podemoseko Antolakuntza idazkariak baieztatu duenez, Barne Ministerioak "hasiera-hasieratik" eman zuen adingabeen aberriratzeen berri, eta Gobernuko bi kideen artean irizpide desberdinak egon arren, "demokrazia gaietan sakontzeko" aukera dagoela gaineratu du.