Gizartea -
Koronabirusa
Kutsatzeak 100etik behera kokatu dira Nafarroan, baina pertsona bat hil da eta gaixo larriak gehiago dira
90 urteko gizonezko bat zendu da azken orduetan. Horrez gain, beste bi lagun sartu dituzte ZIUetan, eta 27 dira jada.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Nafarroak 97 kutsatze berri atzeman ditu azken orduetan 1.074 proba diagnostiko egin ostean (% 9ko positibotasuna), Foru Gobernuak emandako datuen arabera.
90 urteko gizonezko bat zendu da, eta, azken hori ere zenbatuta, guztira 1.209 pertsona hil dira Nafarroan pandemia hasi zenetik koronabirusaren ondorioz.
Ospitaleetako egoerak tenkatuta jarraitzen du. Izan ere, 98 pertsona daude Osasunbideko erietxeetan, azken orduotan bederatzi gaixo gehiago ospitaleratu ondoren. ZIUetan ere okerrera egin du egoerak, 25 gaixo izatetik 27 izatera igaro baitira azken 24 orduotan.
Eguneko positiboei dagokienez, bezperan baino 34 kasu gutxiago dira. Tartea handiagoa da, ordea, denboran atzera egiten badugu: duela astebete halako bi izan ziren (191, zehazki) eta duela 14 egun ia halako hiru (280 kutsatze). 100etik beherako daturik topatzeko ekainaren 30era arte egin behar dugu atzera.
Txertaketak aurrera jarraitzen du eta azken orduetan 2.522 dosi jarri dituzte. Hori horrela, dagoeneko 431.758 nafarrek dute covid-19aren kontrako pauta osoa.