Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo berrien kopuruak egonkor jarraitzen du Nafarroan, 200 kasutik gora
Bost pertsona ospitaleratu dituzte ostiral honetan, horietako hiru ZIUetan, eta guztira 91 pertsona daude ospitalean.
Naiara Ballesteros | EITB Media
Nafarroan 200 positibo berri baino gehiago detektatu dituzte azken orduetan, ostiral honetan 213 kasu berri atzeman baitituzte, Foru Gobernuaren datuen arabera.
Ostiral honetan 1.941 detekzio proba egin dituzte % 11ko positibotasun tasarekin. Foru Erkidegoko kasuak aurreko egunetako antzeko kopuruetan mantendu dira. Ostegunean ere 213 kasu zenbatu zituzten, % 12,4ko positibotasun tasarekin; asteazkenean 244 ( % 13,4); asteartean 229 ( % 10,7); astelehenean 192 ( % 11,7); igandean 191 ( % 13,3); larunbatean 189 ( % 14,7) eta ostiralean 239 ( % 12).
Tutera da berriro ere udalerririk zigortuena, 27 kasu atzeman baitituzte bertan, aurreko egunean baino lau gehiago, eta Iruñean, San Jorge auzoan 9 positbo detektatu dituzte.
Bost pertsona ospitaleratu dituzte ostiral honetan, horietako hiru ZIUetan. Guztira, 91 pertsona daude ospitaleratuta (aurreko egunean baino bost gutxiago), eta horietatik 26 ZIUetan daude (bat gehiago).
Atzo ez zen covid-19aren ondorioz heriotzarik izan Nafarroan. Pandemia hasi zenetik 1.207 pertsona hil dira Foru Erkidegoan.
Bestalde, txertaketa prozesuari dagokionez, ostiral honetan 5.294 txerto eman dituzte. Guztira, 864.627 txerto eman dituzte Nafarroan, eta 430.576 pertsonak dute txertoaren jarraibide osoa jarrita.