Gizartea -
Homofobia
Gazte batek eraso homofobo bat salatu du Amurrion
Aiarako eta Amurrioko udalek deituta, elkarretaratzea egin dute larunbat honetan Amurrioko plazan, gorroto delitua gaitzesteko. Aiaraldeko mugimendu feministak ere agerraldia egin du arratsaldean erasoa deitoratzeko.
Agentziak | EITB Media
Aiarako (Araba) gazte batek salatu du eraso homofoboa jasan zuela ostegun honetan Amurrion.
Ertzaintzak baieztatu duenez, ostegun honetako 22:00ak aldera, gazte batek salatu zuen Amurrion eraso homofobo bat jasan zuela, eta gertatutakoa argitzeko izapideak abiatu dituzte.
Amurrioko eta Aiarako udalek "erabateko gaitzespena eta haserrea" agertu dute "eraso homofoboaren aurrean", eta gorroto delituak gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute larunbat honetarako, abuztuak 14, Amurrioko plazan.
Bi udalek gaitzespen adierazpenak onartu dituzte, eta dituzten udal baliabide guztiak biktimaren esku jarri dituztela jakinarazi dute. Era berean, horrelako ekintzek "duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria" direla aldarrikatu dute, eta horrenbestez "giza eskubideen urraketa larri eta onartezina" dakartela gaineratu dute.
Bi udalerrietako udal taldeek, gainera, "gaitz sozial horren aurka guztiok batera borrokatzeko beharra" gogorarazi dute, "ahotsa altxatuz eta indarkeria edo bortxa matxistaren edozein zantzu salatuz, salbuespenik gabe".
Beren aldetik, Aiaraldeko mugimendu feministak eta Amurriko jai herrikoien aldeko batzordeak eraso bera deitoratzeko elkarretaratzea egin dute 17:30ean.