Gizartea -
Koronabirusa
Apur bat jaitsi dira EAEn positibo berriak eta egoera kritikoan dauden gaixoak
Kutsatze guztietatik 182 Araban atzeman dituzte, 466 Bizkaian eta 220 Gipuzkoan. R0 indizeak igoera txiki bat izan du, baita gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen kopurua ere. Bien bitartean, intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du.
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
891 positibo berri atzeman dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan azken orduetan, aurreko egunean baino 36 gutxiago, eta egoera kritikoan dauden pazienteen kopuruak ere behera egin du (62). 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak ere beheranzko joerari eusten dio eta 584koa da.
Osasun Sailak jakitera eman duen azken buletinaren arabera, 7.369 test diagnostiko egin dituzte ostegunean eta positiboen tasa lau hamarren jaitsi da, % 12,1era arte.
RO indizeak (kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du) apur bat gora egin du eta 0,89an dago.
Ospitaleetan 47 pertsona ospitaleratu dituzte ostegun honetan, eta zainketa intentsiboetako unitateetan aurreko egunean baino bi gaixo gutxiago daude, 62 hain zuzen ere. Hala ere, ostegun honetan 281 pertsona zeuden ospitalean covid-19aren ondorioz, aurreko egunean baino 12 gehiago.
Kutsatze guztietatik 182 Araban atzeman dituzte, eta datuek okerrera egiten jarraitzen dute bertan: egun bat lehenago baino zazpi positibo gehiago atzemateaz gain, 14 eguneko intzidentzia metatua 15 puntu igo da, 537 kasuraino, eta R0a nabarmen igo da, 1etik 1,11ra.
Bizkaian (466) eta Gipuzkoan (220), berriz, behera egin dute positiboek, eta 14 eguneko intzidentzia metatuak hobera egin du; 100.000 biztanleko 618 kasu Bizkaian eta 499 Gipuzkoan. R0 indizeak bere horretan jarraitzen du Bizkaian (0,88) eta behera egin du Gipuzkoan (0,82).
Herriz herriko intzidentziak, berriz, okerrera egin du. Pasaiak, Agurainek eta Lasarte-Oriak atzerapausoa eman dute. Bestalde, Zalla eremu horira pasatu da, datu epidemiologikoak hobetzen jarraitu ostean.
Txertaketa
EAEn 1.444.407 lagunek jaso dute dagoeneko txertoaren jarraibide osoa, hamabi urtetik gorako biztanleriaren % 73a, hain zuzen, eta % 80,6k gutxienez dosi bat jaso du. Gainera, 16 eta 19 urte bitarteko pertsonen % 48,2k dagoeneko gutxienez covid-19 txertoaren dosi bat jaso dute.