Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Ermua, Zalla, Elgoibar, Pasaia eta Oñati gune gorritik irten dira
Agurain eta Hernani, aldiz, eremu laranjatik irten eta horira igaro dira. Ildo horretatik, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten 60 udalerri geratzen dira oraindik eremu gorrian.
A. Cobos Herrero | EITB Media
Koronabirusaren intzidentzia-tasak gora egiten jarraitzen du Araban, behera Bizkaian eta Gipuzkoan, eta aldaketak izan dira koloreen semaforoa erabiliz sailkatutako udalerrien zerrendan. Hain zuzen ere, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoak.
Testuinguru horretan, Ermua, Zalla, Elgoibar, Pasaia eta Oñati izan dira eremu gorritik irten eta laranjara igaro diren azken udalerriak, egoera epidemiologikoa hobetuta. Bestalde, Agurain eta Usurbil eremu laranjatik irten eta horira igaro dira. Ildo horretatik, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten 60 udalerri geratzen dira oraindik eremu gorrian. Horietako lautan, gainera, intzidentzia metatua 1.000 kasutik gorakoa da.
Atzo, 7.426 test diagnostiko egin zituzten, eta horietako 927k eman zuten positibo. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, 175 positibo Araban atzeman dituzte, 482 Bizkaian, 250 Gipuzkoan eta 20 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Ospitaleen egoera dela eta, covid-19a duten 59 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta koronabirusa duten 64 gaixo ZIUn daude.
Arabak (537 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta beste bi udalerri handik ere: Amurrio eta Laudio.
Agurainek eremu horian jarraitzen du.
Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu horian edo berdean Araban.
Bizkaia ere (646 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita Bilbo eta lurraldeko udalerri ia guztiak ere. Ez dago bakar bat ere horian edo berdean, eta hiru bakarrik eremu laranjan.
Lurralde horretan, Ermua eta Zalla eremu gorritik irten eta laranjara igaro dira, atzo sartu eta mantentzen den Gueñesekin batera.
Gipuzkoa (552 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita hiriburua eta ia udalerri guztiak ere: Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Ordizia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.
Hernani eremu laranjatik, eremu horira igaro da. Usurbilek, bere aldetik, eremu laranjan jarraitzen du.
Aldiz, Oñati, Pasaia eta Elgoibar eremu gorritik, eremu laranjara igaro diren Gipuzkoako azken udalerriak izan dira. Beraz, eremu laranjan dira Arrasate, Bergara, Hernani, Legazpi eta Oriorekin batera.
Ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.