Gizartea -

Koronabirusa

LABI teknikoak neurriei eutsi die, eta abuztuaren 15ari begira "kontu handiz" ibiltzeko eskatu du

Batzorde Zientifiko-teknikoak ohar batean ohartarazi duenez, intzidentzia eta ospitaleen okupazioa "ez dira behar beste hobetu". Horren aurrean, eta datozen egunetan bilkura sozialak areagotuko direlakoan, "zuhurtzia eta erantzukizuna" eskatu ditu.

LABI teknikoaren aurreko bilera bat. Argazkia: EFE
LABI teknikoaren aurreko bilera bat.
LABI teknikoak neurriei eutsi die, eta abuztuaren 15ari begira "kontu handiz" ibiltzeko eskatu du

1:32

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABIren Batzorde Zientifiko-teknikoak bilera egin du gaur Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) egoera epidemiologikoa aztertzeko, eta ondorioztatu du uztailaren 22tik indarrean dauden neurriei eutsi behar zaiela. Adituek argudiatu dutenez, intzidentzia eta ospitaleen okupazioa "ez dira behar beste hobetu", eta delta aldaeraren kutsagarritasun handiak eta udako sasoi honetako bilkura sozialak areagotzeak aparteko arriskuak dakartzate.

Gainera, dei berezia egin nahi izan diete herritarrei "kontu handiz ibiltzeko" asteburu honetan eta abuztuko gainerakoetan, agerraldi gehiagorik eta atzerakadarik izan ez dadin. Horien ustez, "uda amaieraren aurrean mezua ezin da erlaxazio-mezua izan, erantzukizunerako eta zuhurtasunerako deia baizik".

Birusak Euskadin duen eraginari dagokionez, teknikariek intzidentzia-tasa metatuaren "joera aldaketa" atzeman dute; gaur egun 600 kasu inguru daude 100.000 biztanleko. Hala ere, ohartarazi dute oraindik ez dagoela horrenbesteko hobekuntzarik olatu honetan garrantzia hartu duten beste adierazle batzuetan, hala nola ospitaleetako eta ZIUetako oheen okupazioan; gaur egun 64 pertsona daude kritiko. Horren harira, gogoratu dute indarrean dauden neurriak 682 inguruko tasarekin eta ZIUetan 48 ohe beteta zeudenean hartu zirela.

Horrenbestez, edozein aldaketa planteatzeko, datu horiek "nahikoa" hobetu ez direla ondorioztatu dute.

Beheranzko joerari amaiera emateko arriskua

Gainera, "aurretik pilatutako esperientziak" adierazten duenez, "datorren asteburuan eta hurrengoetan topaketa eta bilkura sozial gehiago izateko arriskua" dago, egun horietan EAEko herri askotan herriko jaiak ospatu ohi dituztelako.

"Asteburu honetan zein bertan behera utzitako udako gainerako jaien egutegian, berragerraldiak izateko arriskua dugu, sanjoanetako ospakizunetan, ikasturte amaieran eta selektibitateko azterketetan gertatutakoen antzekoak", ohartarazi du LABI teknikoak.

Agerraldi horiek "adierazle desberdinetan egungo beheranzko joera alda dezakete", eta "infekzioak, gaixotasuna, ospitaleetako okupazioa, ZIUetako ospitaleratzeak eta heriotzak" ugaritu ditzakete.

Hala, "tentsioa, konpromisoa eta erantzukizuna" mantentzeko deia egin die herritarrei, batez ere, maskara erabiltzeko, segurtasun-distantzia gordetzeko eta edozein motatako jende-pilaketak saihesteko, lokalen barrualdean zein kanpoaldean. Halaber, "gauez mugitzeko autolimitazioa" beharrezkoa dela uste du batzordeak, eta kalean alkohola kontsumitzea debekatuta dagoela gogoratu du.

Azkenik, "funtsezkotzat" jo du herritarrek "parte hartzen jarraitzea ahalik eta azkarren txertaketa-prozesuan", eta "miaketa-taldeen lanarekin kolaboratzea, baita isolamenduak eta berrogeialdiak zorrotz betetzea ere".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasunari buruzko albisteak Koronabirusa LABI