Gizartea -

Koronabirusa

Euskadik ez ditu, oraingoz, zahar-etxeetako langileentzako gomendio berriak jarraituko

Jaurlaritzak azaldu duenez, ez dute zentro soziosanitarioetan covid-19ari aurre egiteko indarrean dagoen protokoloa eguneratuko, baina Lurraldearteko Osasun Kontseiluak proposatutako neurriak ezartzeko aukera eztabaidatzen jarraituko dute.

Adineko pertson abat, Bilbon. Argazkia: EFE
Adineko pertson abat, Bilbon. Argazkia: EFE
Adineko pertson abat, Bilbon. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zahar-etxeetan gaur egun indarrean dagoen protokoloarekin jarraitzea adostu dute ostegun honetan Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Gauzak horrela, oraingoz ez dituzte Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluak (CISNS) proposatutako gomendio berriak jarraituko, baina neurri horiek ezartzeko aukera eztabaidatzen jarraituko dute.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin bildu dira gaur goizean, zentro soziosanitarioetan covid-19ari aurre egiteko eta horren hedapea kontrolatzeko indarrean dagoen protokoloa eguneratzeko aukera aztertzeko.

Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek atzo aztertu zuten egoera, eta, adostutako dokumentuan, txertoa jaso ez duten langileak ez kontratatzea gomendatzen da, "behar-beharrezkoa ez bada". Horrez gain, txertoa hartu nahi ez duten edo bi dosiei uko egiten dieten zahar-etxeetako langileek gutxienez astean bitan gaitza atzemateko detekzio-probak egitea, eta lanpostuz aldatzeko aukera aztertzea.

Gaurko bilera telematikoa amaitu ostean, ordea, Osasun Sailak jakinarazi du "oraingoz" indarrean dagoen protokoloarekin jarraituko dutela EAEko zahar-etxeetan, baina Lurraldearteko Osasun Kontseiluak proposatutako neurriak ezartzeko aukera eztabaidatzen jarraituko dute.

Ildo horretatik, ez dute zehaztu noiz izango den hurrengo bilera, baina "erakundeen arteko koordinazio bilerak ohikoak eta aldizkakoak" direla zehaztu dute. "Protokoloa berriz gaurkotuko balitz, ezagutzera emango litzateke", adierazi dute.

Arabako Foru Aldundiak gaineratu duenez, une honetan "arlo teknikoan" ari dira lanean, eta egungo protokoloa aldatu behar den ala ez aztertzen, baina oraindik ez dute erabaki irmorik hartu.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Herriak eta Hiriak Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Adinekoentzako egoitzak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea