Gizartea -
Koronabirusa
Txertoa hartu ez duten zahar-etxeetako langileei astero bi detekzio-proba egitea nahi du Osasun Ministerioak
Gainera, langile horiek lanpostuz aldatzeko aukera aztertzea proposatu du Lurraldearteko Kontseiluan, txertoa hartu ez badute. Dena dela, autonomia erkidegoek erabakiko dute neurri horiek ezarri ala ez.
Agentziak | EITB Media
Txertoa hartu nahi ez duten edo bi dosiei uko egiten dieten zahar-etxeetako langileek gutxienez astean bitan egin beharko dituzte gaitza atzemateko detekzio-probak, eta lanpostuz aldatzeko aukera izango dute horien arduradunek.
Carolina Darias Osasun ministroak asteazken honetan jakinarazi duenez, zahar-etxeentzat gomendatutako neurri bat da hori, koronabirusari aurre egiteko asmoz. Hala erabaki dute modu telematikoan egindako Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan (CISNS), ezohiko osoko bilkuran.
Testuinguru horretan, Darias buru duen Osasun Ministerioak azaldu duenez, azken hilabeteotan zentro soziosanitarioetan bizi diren adinekoen artean positiboak eta heriotzak nabarmen jaitsi diren arren, "gaitzaren hedapena azkarra denean kasuak atzemateko arriskua dago, bereziki hartu beharreko neurriak ezartzen ez badira".
Hala, txertaketa-kanpaina aktiboki bultzatzeko beharra jasotzen du dokumentuak, txertoari uko egiten dioten pertsonen arrazoiak identifikatzea eta immunitate-datuak ahalik eta gehien handitzeko estrategiak garatzea, betiere zentroen parte-hartzearekin.
Senideen bisitei dagokienez, berriz, transmisio handiko egoeretan dagokion agintaritza eskudunak gomendioak egin ditzake zahar-etxeetako bisita eta irteera-araudiari buruz, bai eta horrekin lotutako beste inguruabar batzuei buruz ere, hala nola bisitari-kopurua edo irteeren antolaketa eta iraupena.