Gizartea -
Donostia saria
Zinemaldiak Johnny Deppi Donostia saria emateko erabakia defendatu du, kritiken aurrean
Emakume Zinemagile eta Ikus-entzunezkoetakoen Elkarteak eta (H)emenek kritikatu dute Deppi saria ematea auzitegi batek frogatutzat eman eta gero Amber Heard emazte ohiari hamabi aldiz eraso ziola.
Agentziak | EITB Media
Irailaren 22an, Donostiako Zinemaldiaren hurrengo edizioan, Johnny Depp estatubatuar aktoreak Donostia saria jasoko duela iragarri eta gero, Cristina Andreu CIMA Emakume Zinemagile eta Ikus-entzunezkoetakoen Espainiako Elkarteak adierazi du ezegoki iritzi diotela saria tratu txarrak leporatuta borroka judizial batean murgilduta den aktore bati emateari.
Protesta horren aurrean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak esan du 69. edizioaren Donostia sarietako bat Johnny Depp estatubatuar aktoreari emateko arrazoiak "haren filmografian" daudela. "Zinema jaialdi baten zeregina ez da zinema industriako kideen jarrera epaitzea", adierazi du Rebordinosek.
Andreuk, halere, hau esan zuen bere adierazpenetan: "Donostia sariak ibilbide osoa aitortzen du. Beste kontu bat izango zen bera protagonista duen pelikula batek, esaterako, epaimahaiaren sari bat irabaztea. Baina ibilbide osoa saritzea ez zaigu egokia iruditzen une honetan".
"Ezer ez esateko aukera ere bageneukan, baina isilik gelditzea jarrera koldar samarra iruditzen zitzaigun, jaialdiarekin parekidetasunaren aldeko eskutitza sinatu dugula kontuan hartuta", erantsi du emakume zinemagileen Espainiako Estatuko elkarte handienaren eledunak.
Deppek hainbat urte daramatza emazte ohiarekin, Amber Heard aktorearekin, borroka judizial batean murgilduta.
Martxoan, Erresuma Batuko Apelazio Auzitegiak ez zuen onartu Deppek tratu txarrak ematea leporatzen zion 2020. urteko epai baten aurka jarritako helegite bat.
Deppek Auztegi Gorenaren ebazpen baten aurka jarri nahi zuen epaia, "The Sun" egunkariari libelo delitua egozteko, kazeta horrek "emazteei tratu txarrak ematen" zizkiela argitaratu baitzuen Hearden aurkako hainbat erasoren inguruko zehaztasunak ematearekin batera.
Hautsak harrotu zituen epaiketa batean bi aldeen lekukotasunak entzun ondoren egindako idatzi horretan, auzitegiak jaso zuen Deppen aurkako salaketak "funtsean" egiazkoak zirela eta egozten zizkioten 14 erasoetatik 12 "gertatu egin zirela".
"Haserre eta triste"
Lara Izagirre zinemagilea, (H)emen elkarteko presidenteordea, "haserre eta triste" agertu da "Faktoria" Euskadi Irratiko saioan, "oso desegokia eta pena bat" iruditu baitzaie Donostia saria Deppi ematea.
"Azkenean, sari bat da, eta munduko aktore guztien artean aukera dezakezu. Eta aukeraketa egin zenean bazegoen epaile batek erabakita Johnny Deppek tratu txarrak eman zizkiola emazte ohiari. Ez dugu ulertzen zergatik aukera hau", erantsi du Izagirrek.
ENTZUN LARA IZAGIRRE, "Faktoria" SAIOAN
"Zinemaldia itxaropena eta erreferenteak sortzen diren leku bat da, eta sariak gizartean erreferente izan daitezkeenei ematekoak, ez bakarrik aktore onei. Nik uste dut Zinemaldiak atzera egiteko denbora duela oraindik, eta hor bai jarriko litzateke leku itxaropentsu batean zinemaldi bezala", bukatu du.