Gizartea -
osasun publikoa
Plentziako Udalak segurtasun neurri gehigarriak eskatu ditu istiluak eta "ekintza bandalikoak" saihesteko
Udalak eskura dituen hainbat neurri hartu ditu "erabat gaitzesgarriak" diren ekintza horiek saihesteko, hala nola Udaltzaingoaren presentzia astebururo indartzea eta Arpillaoko eraikina hesiekin inguratzea.
Agentziak | EITB Media
Plentziako Udalak segurtasun neurri gehigarriak eskatu dizkio Ertzaintzari, udalerrian istiluak eta ekintza bandalikoak saihesteko eta osasun publikoa bermatzeko.
Elixabete Uribarri (EAJ) Plentziako alkateak idatzi bat igorri die Getxoko ertzain-etxeko arduradunei, eta, bertan, laguntza gehiago eskatu die, "asteburuz asteburu herrian ugaritzen ari diren istilu eta ekintza bandalikoekin amaitzeko, ekintza horietan parte hartzen dutenek ez dituztelako indarrean dauden osasun-neurriak errespetatzen".
Alkateak bere idatzian azpimarratu duenez, "oso kezkagarriak dira" herrian behin eta berriz jasaten ari diren gizalegearen aurkako ekintza horiek eta "pertsona batzuen arduragabekeria eta elkartasunik eza".
Uribarriren esanetan, Udalak eskura dituen hainbat neurri hartu ditu "erabat gaitzesgarriak" diren ekintza horiek eteteko, hala nola Udaltzaingoaren presentzia astebururo indartzea eta Arpillaoko eraikina hesiekin inguratzea.
Hala ere, neurri horiek "ez dira nahikoak izan" jende-pilaketak saihesteko.
Testuinguru horretan, euren eginkizunak betetzera joaten diren udaltzain eta ertzainen aurkako erasoak gaitzetsi ditu alkateak, eta azpimarratu du Ertzaintzarekin elkarlanean jarraituko dutela koronabirusaren hedapenari aurre egiteko indarrean dauden neurriak betearazten laguntzeko.