Gizartea -
Koronabirusaren semaforoa
Ez da aldaketa nabarmenik izan koloreen semaforoaren zerrendan, baina intzidentzia-tasak behera egin du
Ildo horretatik, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten 68 udalerri geratzen dira oraindik eremu gorrian. Agurain, Bergara eta Hernani izan dira asteburu honetan eremu gorritik irten eta laranjara igaro diren azken udalerriak.
Mikel Dominguez | EITB Media
Koronabirusaren intzidentzia-tasak behera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), baina oraingoz ez da aldaketa nabarmenik atzeman koloreen semaforoan sailkatutako udalerrien zerrendan. Hain zuzen ere, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoak.
Testuinguru horretan, Agurain, Bergara eta Hernani izan dira asteburu honetan eremu gorritik irten eta laranjara igaro diren azken udalerriak, egoera epidemiologikoa hobetuta. Ildo horretatik, 5.000 biztanle baino gehiago dituzten 68 udalerri geratzen dira oraindik eremu gorrian. Horietako zortzitan, gainera, intzidentzia metatua 1.000 kasutik gorakoa da.
Arabak (520 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian jarraitzen du, baita Gasteiz hiriburuak eta beste bi udalerri handik ere: Amurrio eta Laudio.
Agurainek eremu laranjan jarraitzen du, bigarren egunez jarraian.
Horrenbestez, ez dago udalerri handirik eremu, horian edo berdean Araban.
Bizkaia ere (722 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita Bilbo eta lurraldeko udalerri handi guztiak ere. Ez dago bakar bat ere eremu laranjan, horian edo berdean.
Gipuzkoa (580 kasu 100.000 biztanleko) eremu gorrian dago, baita hiriburua eta ia udalerri guztiak ere: Andoain, Arrasate, Aretxabaleta, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Donostia, Eibar, Errenteria, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ordizia, Orio, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Villabona, Zarautz, Zumaia eta Zumarraga.
Bergarak eta Hernanik 400eko langatik behera egin dute asteburuan zehar, eta laranja jarri dira, Legazpirekin batera.
Usurbilek eremu horian jarraitzen du, eta ez dago udalerririk eremu berdean.
Europar Batasunak onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.