Gizartea -

Gipuzkoa

74 kilo marihuana eta 30 kilo haxix aurkitu dituzte kontrol batetik ihes egindako auto batean

Ertzaintzak 25 urteko bi gizonezko atxilotu ditu eta hirugarren baten bila jarraitzen du, drogaz betetako autoa Donostiako kale batean utzi ostean.

Auto barruan atzemandako haxixa eta dirua. Argazkia: Ertzaintza
Auto barruan atzemandako haxixa eta dirua.
Auto barruan atzemandako haxixa eta dirua. Argazkia: Ertzaintza

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 74 kilo marihuana eta 30 kilo haxix aurkitu ditu GI-636 (Gaintxurizketa gaina) kontrol batetik ihes egin eta Donostiako kale batean abandonatuta utzi duten auto batean. Aurkikuntza honekin lotuta, 25 urteko bi gizonezko atxilotu dituzte, droga trafikoa eta beste delitu batzuk egotzita, eta hirugarren baten bila jarraitzen dute.

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, igande goizaldean, 02:30ean, GI-636 errepidetik Irunerako noranzkoan zihoazen eta atzerriko matrikula-plakak zituzten bi autok Ertzaintzaren trafiko-kontrol batekin topo egin zuten Gaintxurizketa gainean. Polizia-dispositiboa ikustean, bi autoek noranzkoa aldatu zuten eta abiadura handian ihes egin zuten Donostia aldera. Gainerako unitateei gertatutakoaren berri emanda, patruilak autoen atzetik abiatu ziren.

Polizia atzetik zutela, bai GI-636 errepidean, bai Gipuzkoako hiriburuaren erdialdean, ihesi zihoazen bi autoek hainbat kale zeharkatu zituzten semaforoak gorrian pasatuz eta arrisku-egoera larriak sortuz gainerako gidariei eta oinezkoei.  

Halako batean, autoetako bat, besteari babesa eta estaldura eman nahian ari omen zena, frenatzen eta patruila-autoaren aurrean jartzen hasi zen, "beste autoari ihes egitea errazteko asmo argiz".  

Azkenean, bi auto susmagarriek bide ezberdinak hartu zituzten, eta besteari babesa eman nahian zebilen autoak abiadura handian jarraitu zuen Mirakruz kaletik Pasaia aldera. Bertan, patruila batzuek bidetik atera eta geldiarazi zuten. Autoan zihoazen bi bidaiariek (nazionalitate frantziarra dute biek) indarrez aurre egin zieten agenteei. Dena dela, handik gutxira atxilotu, eta polizia-etxera eraman zituzten.

Ia aldi berean, beste patruila batzuek Donostian, Argentinako Errepublika kalean, abandonatuta aurkitu zuten beste autoa, gidariak korrika alde egin baitzuen. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du ihes egin zuen gidaria identifikatzeko.

Agenteek autoa miatu zutenean, autoaren atzeko aldean, plastiko beltzekin estalita, kilo bateko marihuana poltsak (guztira 74) aurkitu zituzten, bai eta 10 kiloko hiru haxix bloke ere.  

Atzemandako marihuana.

Orain arte atxilotu dituzten bi gizonezkoei droga-trafikoaren, agintaritza-agenteen aurkako atentatuaren eta agintaritzaren kontrako erresistentzia delituak leporatu dizkiete. Bi atxilotutakoak epailearen aurrera eraman dituzte jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Ertzaintza Gipuzkoa EAE Delituak bideoak Drogak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Pasaia albisteak Albisteak