Gizartea -
Hezkuntza
Nolakoa izango da 2021-2022 ikasturtearen hasiera?
Espainiako Gobernuak presentzialtasunaren alde egin du datorren ikasturteko ardatz nagusi gisa, eta pozik hartu du belaunaldi gazteenen txertaketan izan den aurrerapena.
Agentziak | EITB Media
Pilar Alegria Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ministroak datorren ikasturterako etapa guztietan presentzialtasunaren alde egin du astelehen honetan. Aldi berean, baztertu egin du irakasleak txertoa hartzera behartzea, talde horretako ehuneko handi batek borondatez hartu duelako dagoeneko.
Hezkuntzako etapa guztietan normaltasuna eskolak aurrez aurre emateko konpromisoa berretsi du Hezkuntza ministroak.
Alegriaren hitzetan, iazko esperientzia izatearen abantaila alde dute, eta pozik hartu du txertaketa prozesuan izan den aurrerapena. Horrekin batera, irailera begira "lasaitasuna eta segurtasuna" zabaldu nahi izan du.
Ikasgeletako ikasle kopuruari dagokionez, 2020-2021 ikasturtean irakasleak kontratatzeko egindako ahalegina nabarmendu du ministroak, hezkuntzako ratioak jaitsi zirelako. Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek maiatzean hitzartu zuten irailean pandemiaren aurreko ratioak berreskuratzea, baina Ministerioak errefortzu gisa kontratatu zituzten irakasleak mantentzeko eskatu die erkidegoetako gobernuei.
Hala ere, Gobernuak eta autonomia erkidegoek ikasturtea hasi aurretik protokoloa berrikusi nahi dutela esan du ministroak, pandemiaren egoeraren arabera eguneratzeko. Ildo horretan, autonomia-erkidego bakoitzak bere erabakiak hartu ahal izango ditu eskola hasteari begira, erantsi du.