Gizartea -
Donostiako Aste Nagusia
Aste Nagusian egon daitezkeen egoerak kontrolatzeko dispositiboen funtzionamendua egokia dela azaldu du Goiak
Eneko Goia alkateak Aste Nagusiaren egunetan ekitaldirik ez dela egingo gogorarazi du. Bestalde, Donostiako Piratek "Kabotajea" deituriko lau eguneko egitarau alternatiboa aurkeztu dute.
EITB MEDIA
Aurten ere, bigarren urtez, ez da Donostiako jairik izango. Eneko Goia alkateak halaxe gogorarazi du berriro ere gaur San Bartolome muinoko begiratoki berriaren aurkezpenean. Hori horrela, Donostiako Piratek "Kabotajea" deituriko lau eguneko egitarau alternatiboa aurkeztu dute, abuztuak 14tik 21era.
Donostiako alkateak Aste Nagusiko egunetan jendetza biltzeko aukera ematen duten ekitaldirik ez dela antolatuko gogorarazi du. Horrekin batera, Goiak sortu daitezkeen arazoei aurre egiteko, Ertzaintzarekin elkarlanean, "adi" egongo direla azaldu du: "Egon daitezkeen egoerak kontrolatzeko ditugun dispositiboek funtzionatzen dute, eta momentu puntualetan ditugun baliabide guztiak helburu horretara zuzentzen dira".
Horrekin batera, udaletxeak ez ditu gune bereziak itxiko botiloien beldur.
"Kabotajea"
Abuztuaren 14tik 21era, ez da abordatzerik ezta piraten gunerik ere izango Donostiako kaian. Hala ere, horiek ordezkatzeko, "Kabotajea" deituriko lau eguneko egitarau alternatiboa prestatu dute Donostiako Piratek
"Jakina, ekintza horietan segurtasun neurriak beteko dira", azaldu du Andoni Iriondok, Donostiako Piratak-eko kidea. Izan ere, ekitaldi horietan parte hartzeko, musukoa une oro jantzita eramatea beharrezkoa izango da, segurtasun tartea mantentzearekin batera. Gainera, sarreran gel hidroalkoholikoa eta eserlekuak aldez aurretik antolatuak egongo direla gaineratu du Iriondok.
Ekitaldi alternatibo horretan, Naizen adin txikiko transexualen familien elkarteak jasoko du piraten omentaldia, beraiek izango baitira beraz Matti pirata.