Gizartea -

EZBEHARRA

Beste pertsona migratzaile baten gorpua aurkitu dute Bidasoa ibaian, Irunen

Hilabete gutxiren buruan egoera berean hildako bigarren pertsona da. 09:45 inguruan aurkitu dute gorpua. Harekin batera uretara salto egin duen beste gizonezko batek lortu du helmugara iristea.

Bidasoa ibaia, Irun, gaur. Argazkia: Euskadi Suhiltzaileak.
Bidasoa ibaia, Irun, gaur. Argazkia: Euskadi Suhiltzaileak.
Migrante bat ito da Bidasoa ibaian

0:55

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Beste pertsona migratzaile bat hil da Bidasoa ibaian, Irundik Hendaiara igerian iritsi nahian. Berarekin batera uretara salto egin duen beste gizonezko batek lortu du helmugara iristea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez.

09:45 inguruan gertatu da ezbeharra. Bizilagun batek bi gizonezko uretara salto egiten ikusi ditu, eta horietako bat agertzen ez zela ohartuta, larrialdi zerbitzuetara deitu du, abisua emateko.

Ertzaintzako eta Gurutze Gorriko kideak, eta suhiltzaileak bertaratu dira, erreskate lanetan parte hartzera, eta hilda aurkitu dute.

Segurtasun Sailak ikerketa zabaldu du, gorpua identifikatu eta gertatutakoa argitzeko.

Eusko Jaurlaritzak "atsekabea" agertu du

Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak esan duenez, pertsona horren heriotza "gizarte osoaren porrota" da, eta "harrigarria da pertsona batek bere bizitza galtzea aukera bat bilatu nahian".

Legarretaren esanetan, "krisi humanitarioko egoeretan, mundu osoan eta, jakina, Europar Batasuneko mugetan eta barne mugetan, joan-etorri seguruak egin behar dira". "Premiazko lana da", azpimarratu du.

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak "atsekaberik handiena" agertu du, eta ohar batean gogorarazi du "hilabete gutxiren buruan" hildako bigarren pertsona dela, maiatzaren 21ean Hendaiara heltzen saiatzen ari zen beste migratzaile baten gorpua aurkitu baitzuten ibai horretan bertan.

Olanoren hitzetan, "injustizia egoera baten ondorio zuzena da, eta ezin dugu besoak gurutzatuta egon".

Twitterren, Jose Antonio Santano Irungo alkateak heriotza deitoratu du eta "Europak baztertu ezin duen erantzukizuna" duela ohartarazi du.

"Bidasoako urak, berriz ere, Frantziara igeri egiten saiatzen ari zen pertsona baten heriotzaren lekuko dira", esan du Santanok, eta "tristura eta ezintasuna" sentitzen duela onartu du.

Santanoren ustez, "Europak ezin du baztertu" gertatutakoa; izan ere, ohartarazi duenez, "migrazio mugimenduak ez dira geldituko".

Elkarretaratzea deitu dute astelehenerako

Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, 19:00etan, Irungo San Juan Plazan.

Anaitze Agirre Irungo Harrera Sareko bozeramaileak ohartarazi duenez, gertatutakoa "ez da ustekabeko zerbait", "erantzukizunak" daudelako, eta euskal erakundeei "harreran esfortzu handiagoa egiteko" eskatu die, "eskubideen urraketa larrian dauden pertsonak babesteko".

"Badakigu Frantziari berdin zaizkiola migratzaileak, eskubideak, haien bizitzak, baita Europar Batasunari ere. Gure erakundeek gure gizartearen mailan egon behar dute, gizartea solidarioa baita. Harrera hobetu egin behar da heriotza horiek saihesteko, ez baita onargarria Bidasoan jendea hiltzea", salatu du.

Muga "erabat itxita" dagoela deitoratu ostean, "giza eskubideak ardatz izango dituen migrazioa" azpimarratu du.

"Ez dira pertsona gisa tratatzen, izan dezaketen edozein eskubide alde batera utziz. Pertsona guztien giza eskubideak azpimarratu behar dira, migratzaileak barne. Horrek esan nahi du bide seguruak izatea pertsona horiek hiltzeko arriskurik gabe bidaiatu ahal izateko", gaineratu du.

Hori dela eta, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako egoera salatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Euskal Herria Gipuzkoa EAE albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Irun bideoak Gaurko azken ordukoa Gaurko itotzeak Euskal Herriko ibaiak