Gizartea -
ARRANTZA
Euskal kostaldean hainbat ontzi sare pelagikoen bidez arrantzan ari direla salatu du Eguzkik
Talde ekologistak gogoratu duenez, sare pelagikoak erabilita arrantzatzea debekatu egiten du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren legediak. "Konpromiso handiagoa" eskatu die bi administrazioei.
EITB MEDIA
Ondarroako portuan, asteon, Irlandako hamabi arraste-ontzi pelagiko zenbatu ditu Eguzki talde ekologistak, eta arrantzarako sare pelagikoak erabiltzen dituzten ontzien kopurua urtetik urtera euskal kostaldean handitzen ari dela salatu du.
Kolektibo horren iritzian, gertatzen ari dena "onartezina da", eta gogora ekarri du sare pelagikoak erabiltzea debekatuta dagoela EAEko uretan. "Arrantza mota honek den-dena harrapatzen du, ez da jasangarria, eta arrantza lekuak eta ekosistemak agortzen ditu", salatu du mugimendu ekologistak, ohar bidez.
Artisau eran arrantzatzen duten ontzien tripulazio erdiarekin, milaka kilo arrain gehiago harrapatzen dutela ontzi pelagikoek esan du Eguzkik, eta Ondarroan joan den asteazkenean ikusitakoa jarri dute adibide modura: "pelagiko bikote horietako batek 90.000 kilo hegaluze baino gehiago deskargatu zituen Ondarroan. Pieza gehienak birrinduta zeuden. Kiloa 2-3 euroan salduko zieten Urlapesca eta Ondarroa19 bezalako handizkariei". Ondoren, "kofradiatik igaro ere egin gabe, merkataritza-gune ezagunetara eta gure kontserba-fabriketara eramango zituzten, eta dendetan 16-21 euroan saldu, kanaberaz banan-banan arrantzatutako hegaluzea balitz bezala", gehitu dute.
Modu horretan arrantzan ari diren ontzi gehienak frantsesak eta irlandarrak direla esan du talde ekologistak, eta "teorian, nazioarteko uretan jarduten dira, Europako legediaren baitan". Araudi horrek ezartzen duen 12 miliatako muga gainditu eta ez dagokien uretan arrantzan ari direla jasotzen du oharrak.
Egoera horren aurrean, "konpromiso handiagoa" eskatu die Eguzkik EAEko eta Espainiako administrazioei. "Gure ustez, deskarteekin, kuotekin, deskargatzeko aldez aurretiko abisuekin eta lonja-pasatzeekin zorrotzago jokatu beharko lukete. Halaber, EAEko administrazioari eskatzen diogu trazabilitatea bermatzeko, hegaluzea non arrantzatu den, nola, zein ontzik arrantzatu duen eta zein portutatik datorren argi eta garbi identifikatuz", adierazi dute.