Gizartea -
Txertaketa
Eusko Jaurlaritzaren arabera, “ez dago txertoa jartzea derrigortzeko tresna juridikorik”
Derrigorrezko txertaketaren eztabaidaren harira, Eusko Jaurlaritzaren helburua da “ahalik eta pertsona gehienengana iristea”.
Agentziak | EITB Media
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "une honetan ez dago nahitaezko txertaketa ahalbidetzen duen tresna juridikorik", eta nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren eta Osakidetzaren esku dagoela "ahalik eta txerto gehien eskatzea", euskal herritar gehienek txertoak izan ditzaten "ahalegina" egitea eta "erakundeetatik beharrezkoa den lan pedagogikoa" egitea, "herritar guztiak konbentzitzeko txertoa jartzeko beharraz".
Getariako (Gipuzkoa) Balenciaga museoan egin ditu adierazpen horiek Zupiriak, derrigorrezko txertaketari buruzko eztabaidaren harira, eta gogoratu du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela "ahalik eta pertsona gehienengana iristea".
Hala, une honetan, txertoa hartzeko adinean dauden Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren % 70ek baino gehiagok bi dosiak hartu dituzte, eta, azpimarratu duenez, "hori da jarraitu beharreko bidea".
Nahitaezko txertaketari dagokionez, Zupiriak gogoratu du Iñigo Urkullu lehendakariak "hainbat hilabete" daramatzala ezohiko neurriak hartzeko legezko babesa eskatzen, "baina gaur egun ez dira egingarriak, ez baitago neurri horiek hartzea ahalbidetzen duen goragoko legerik".