Gizartea -

KORONABIRUSA

EAEko intzidentzia metatua 800etik jaitsi da, kurbaren beheranzko joera baieztatuta

Adierazle nagusienek datu positiboak utzi dituzte gaurkoan: ospitaleratzeak jaitsi egin dira eta R0 indizea hiru ehunen txikiagoa da.

Hainbat pertsona, Bilbon. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona, Bilbon.
Hainbat pertsona, Bilbon. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 100.000 biztanleko 785 covid-19 kasu pilatu ditu azken 14 egunetan. Datua ez da ona, baina azken egunetan atzemandako joera positiboaren isla da. Asteazken honetan 1.102 positibo berri zenbatu dituzte Euskadin, bezperan baino 16 gehiago, baina gainerako adierazleak, bai behintzat garrantzitsuenak, berdean ageri dira. Hala, behera egin dute ospitaleratzeek, gela arruntetan dauden gaixoen kopurua eta R0 indizea (positibo batek zenbat pertsona kutsatzen dituen adierazten duena).

Azken 24 orduetan 32 puntu egin du behera metatutako intzidentziak, eta aste honetan izandako jaitsiera handiena da: aurrez, 22, 18 eta 11 kasutan jaitsi da. Hori horrela, kurba maldan behera abiatu dela suma daiteke. Bizkaiak igarri du beherakada handiena (41 puntu gutxiago) baina egia era bada tasa puztuena duela (847 kasu 100.000 biztanleko). Gipuzkoan eta Araban, hurrenez hurren, 709ko eta 612ko pilatutako tasak dituzte, 23na puntuko jaitsierekin.

Intzidentziak ez bezala, ospitaleen egoerak kaskarrera egin du azken egunotan. Bada gaurkoan, kontrakoa gertatu da. 56 pertsona erietxeratu behar izan dituzte covid-19a tarteko, bezperan baino 16 gutxiago, eta ospitaleetako gela arruntetan daudenak 265 dira orain (asteartean 266 ziren). Gainera, ZIUetako gaixo kritikoen kopurua bere horretan mantendu da: 61 lagun daude, bezperan bezalatsu.

Buletin epidemiologikoaren arabera, 9.014 proba diagnostiko egin dituzte, eta horietatik % 12,2k eman dute positibo. Positibotasun tasak ia puntu bat egin du gora, proba gutxiago egin arren. EAE osoan zenbatutako 1.102 kutsatzeetatik erdia baino gehiago (608) Bizkaian atzeman dituzte, eta bezperan baino kasu gehiago hauteman dituen lurralde bakarra da (19 gehiago). Gipuzkoan 319 izan dira (asteartean baino bi gutxiago) eta Araban 143 (11 gutxiago). Gainera, EAEtik kanpo bizi diren 32 lagun kutsatu dira, bezperan baino 10 gehiago.

Koronabirusaren semaforoari dagokionez, aldaketarik ez. Udalerri handi gehienak gorriz margotuta daude. Dena dela, nabarmentzekoa da gune kritikoa uztear direla Agurain (Araba) eta Legazpi (Gipuzkoa). Datuek hobetzen jarraitzen badute, Usurbil bezala, herri laranja izango dira aurki. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak