Gizartea -
Ipar Euskal Herria
Covid-19a duten hainbat paziente Baionako Ospitaletik beste osasun-zentro batzuetara lekualdatu dituzte
Une honetan, koronabirusak kutsatutako gaixoentzako oheetako % 80 beteta daude; hain zuzen ere, covid-19ko 12 paziente daude erreanimazioan, pandemia hasi zenetik kopururik handiena. Hiru lagun eraman dituzte dagoeneko Pauera eta Akizera.
EITB MEDIA
Covid-19a duten hainbat paziente Baionako Ospitaletik Pirinio Atlantikoetako departamenduko beste osasun-zentro batzuetara lekualdatzen hasi dira, hain zuzen Pauera eta Akizera; izan ere, une honetan, Lapurdiko hiriburuko ospitaleak koronabirusak kutsatutako gaixoentzat dituen oheetako % 80 beteta daude.
Testuinguru honetan, asteazken honetan, covid-19ko 12 gaixo daude erreanimazioan Baionako Ospitalean, pandemia hasi zenetik kopururik altuena; oraingoz, hiru paziente eraman dituzte beste toki batzuetara, aipatutako osasun-zentroan pilaketa handiegirik izan ez dadin.
Erreanimazio-atalean, orain arte, Baionako Ospitaleak 15 ohe zituen; une honetan, baina, 24 ditu, eta horietatik 14 covid-19ko gaixoek betetzeko dira. Gainerako gaixotasunak pairatzen dituzten pazienteei dagokienez, 10 ohe daude, eta zazpi daude beteta.
Baionako Ospitalean erreanimazioan dauden covid-19ko pazienteen batez besteko adina 54 urtekoa da, hau da, orain arteko olatuetan izandako batezbestekoa kontuan izanik, 10 urte gutxiagokoa. Ospitaleratuta dauden 12 lagunei erreparatuta, 11 k ez dute txertoa jaso, eta haurdun dagoen emakume bat dago.
Agintarien iritziz, Ipar Euskal Herrira heldutako bisitarien hazkundeak eragin du kutsatzeen kopuruaren gorakada. Ipar Euskal Herrian, intzidentzia 490ren bueltan dago, beraz, departamenduko intzidentziaren bikoitza da.